«Elizen Arteko Biblia» sarean eta CDan atera dute
·Protestanteen eta katolikoen arteko testu bakar hau 1994an argitaratu zen lehen aldiz
1994. urtean formatu handian publikatu zuten liburua, «Elizen Arteko Biblia» (EAB), sarean dago jadanik. Era berean, CDa eta testuaren bigarren argitalpena liburu-dendetan izango da egunotan. Ezaugarri nagusi bat du; protestanteen eta katolikoen arteko liburu bakarra dela, hain zuzen.
BILBO Biblija.net klikatuz EAB agertzen da, eta irakurri nahi duenak aski du lehen orrian eta beste herrietako banderekin ondoren agertuko zaion ikurrinean klik egitea. Hortik aurrera, mila baliabide ditu testua ikusteko; osorik, kapituluka, bilaketak eginez eta abar.Atzera begira, 1977an hasi ziren aztertzen hainbat katoliko eta protestante ‘‘Biblia’’ euskaraz nola egin, eta geroago, Arantzazun izandako mintegia bukatu eta gero, itzultzaile taldea eratu zen; ondoren Elizen Arteko Biblia Elkartea izango zena, hain zuzen. Bestetik, Biblia Elkarte Batua ere lanean ari zen. Protestanteen nazioarteko erakundea zen hura. Urte hartan, erakunde biek Itun Berria euskaratzeko asmoa eta konpromisoa hartu zuten. Geroztik izenaren arazoa izan zuten eztabaidagai elkarte biek, eta azkenean ‘‘Elizen Arteko Biblia’’ aukeratu zuten, nahiz eta protestanteen ustez «bete-betekoa» ez zen izan. 1994. urtean liburua argitaratu ostean, geroago atera diren liburuetan egokitzapen handiak egin behar izan dituzte, batez ere hizkuntzari dagokionez. Edukiak, aldiz, aldaketak izan ditu urte hauetan, baina ez hainbeste. Arduradunek esandakoaren arabera, CDa egiterakoan, Biblia Elkarte Batuen kontaktuei esker, Esloveniako eta Madrilgo teknikariek egin dute. Hasiera batean bi asmo nagusi zituzten: «Euskarazko bertsioa ez ezik, beste hizkuntza batzuekin batera argitaratzea eta salneurri merkean eskura jartzea. Gerora, ordea, euskarazkoa sarean beste hizkuntza askotako bertsioaren ondoan jartzeko modua izan denean, CDan euskarazkoa soilik jartzea erabaki da». «Euskal Herrian pare bat entsegu egin eta gero, ezin izan genuen aurrera jarraitu. Informatizazioaren prozesu luzean Elizen Arteko Biblia Elkarteko kideek gainean, oso gainean, egon behar izan dute», azaldu dute egitasmoaren arduradunek. Informatizazio lana 2003ko udazkenean hasi zuten, eta 2006ko udan bukatu.
|