- Nafarroako Aizkolari txapelketa -
Adinari dema irabazi eta txapela berriz jantzi du Miel Mindegiak
·Donato Larretxea faborito nagusia gerriko minez erretiratzeko zorian izan zen
LAKUNTZA
Miel Mindegia marka guztiak apurtzeko bidean da, eta 58 urterekin Nafarroako beste txapel bat jantzi zuen Ezkurrakoak atzo Lakuntzan, pronostiko guztiak hautsiz garaipena eskuratuta. Aizkolari gazteagoek arazo fisikoak izaten dituzte, baina Mindegiak aizkolari oso gogorra dela erakutsi zuen berriro ere, eta bere palmaresa handitu zuen.Gerriko arazoak medio, jakina zen Floren Nazabalek, iragan asteburuan Tolosan bezala, ezin izango zuela jokatu, eta etxarriarraren faltan Donato Larretxea zen faborito garbia. Iragan igandean erakustaldia eman zuen Arantzakoak Euskal Herriko txapelketan, eta egun gutxiren buruan hirugarren txapela janzteko moduan zela zirudien. Hala eta guztiz ere, atzo gerriak arazoak eman zizkion, eta lanak izan zituen ebaki beharreko lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbikoak mozteko. Hala ere, bigarren tokian amaitu zuen txapelketa, hori bai, irabazlearengandik bi minutu pasatxora. Dena dela, faborito nagusiak izandako arazo fisikoek ezin diote inolaz ere meriturik kendu Miel Mindegiaren garaipenari; izan ere, egindako denborak argi erakusten du Arantzakoak bere 58 urteekin lan txukuna osatu zuela, ez baitzizkion alferrik hiru minututik gora atera hirugarren postuan sailkatu zen Lopezi. Vicente laugarren izan zen eta Barberena bosgarren. Urteak urte, Ezkurrako aizkolari beteranoak bazekien sasoiko zegoela; izan ere, Euskal Herriko finala jokatu eta berehala, desafioa bota baitzien, Nazabal eta Larretxea kenduta, beste aizkolari guztiei. Mindegiak 12.000 euro jarri nahi zituen jokoan, baina iragan ostiralean Tolosako Kantabrikon jarri zuen zitari inork ez zion erantzun, eta atzo ikusitakoaren arabera, normala ere izan daiteke, eta inor ez zen damutuko demari eutsi ez izanaz. Esan bezala, Juanjo Lopezek lortu zuen hirugarren postua atzoko finalean, eta haren lana ere goraipatzekoa da. Izan ere, Nazabalen hutsunea betetzeko azken orduan sailkatu zen atzoko saiorako, eta bere helburua azken postutik ihes egitea zela zirudienean, beste bi aizkolari sartu zituen atzetik. Mailarik txarrena, ezbairik gabe, Joxejuan Barberenak eman zuen. Hirugarren posturako lehian behar zuen teorian, baina azkena izan zen.
|