Orixeren gutunak bildu dituzte Paulo eta Ibai Iztuetak
·Euskal literaturaren historia «berriz idazteko» aukera ere ematen dute testuek
Ez dago Nikolas Ormaetxearen bizitza eta obra Paulo Iztuetak baino gehiago ikertu dituenik. Bada, «Orixe» zenaren inguruko etengabeko ikerketan beste urrats bat egin du Iztuetak, eta, Ibai semearekin batean, «Orixe. Gutunak (1917-1961)» plazaratu du oraingoan. Iztuetarren iritziz, euskal literaturaren historia berriz idazteko, edo, behintzat, ederki osatzeko aukera ematen dute liburuan bildutako testuek.
DONOSTIAN
Guztira 286 gutun bildu dituzte Paulo eta Ibai Iztuetak, bai Orixek berak idatzitakoak, baita Orixeri idatzitakoak ere. Igorle eta hartzaileen artean, Orixe bera ez ezik, Lizardi, Julio Urkixo, Azkue, Mitxelena, Jokin Zaitegi, Isidoro Fagoaga, Monzon, Krutwig, Santi Onaindia, Manuel Irujo, Antonio Labaien, Ibinagabeitia, Leizaola eta inoiz euskal kulturan inor izan diren beste batzuk ere ageri dira.«Gutun bilduma hau sekulako altxorra da. Euskal literaturaren historia berriz idazteko, edo, behintzat, ederki osatzeko aukera ematen du», nabarmendu zuen atzo arratsaldean Paulo Iztuetak berak Gipuzkoako Foru Aldundian eginiko aurkezpen ekitaldian. Orixeri buruz makina bat lan idatzia da Iztueta, eta, atzo aitortu zuenez, ez zuen Orexako idazlearen inguruko ikerketan hain sakon joko baldin eta oso gutuneria zabala tresnatzat izan ez balu. «Gutunek idazle intimoa ezagutzeko aukera ematen dute. Idazlea eta obra bereizi behar direla uste dutenaren kontra, idazlea eta obra elkarren osagarriak direla uste dut nik», adierazi zuen Iztuetak. Dena dela, Orixeren gutunek, idazlea bera eta bere obra ezagutzeaz gain, garai oso bat ezagutzeko aukera ere ematen dutela nabarmendu zuen. «Liburuan bildutakoen bidez idazleen arteko harremanak nolakoak ziren ikus dezakegu... ezinikusiak, Euskal Herrian bertan zirenen eta erbestean zirenen arteko ezberdintasunak, ‘Egan’ eta ‘Euzko gogoa’ren arteko tentsioak, eta beste hainbat kontu». Hainbeste gutun biltzeko, ate askotan jo behar izan du Iztuetak. Batzuek ireki dute, eta, horien artean, Justo Mokoroari eta Joxe Mari Aranalderi espresuki eskerrak eman nahi izan zizkien Iztuetak. Beste ate batzuek, aldiz, itxita jarraitzen dute. Horietako bat omen da Jesusen Lagundikoa. Izan ere, Orixe josulaguna izan zen, harik eta bota zuten arte. “Orixe. Gutunak (1917-1961)” Utrisque Vasconiaek argitaratu du, Foru Aldundiaren laguntzarekin, baina. Atzoko aurkezpen ekitaldian, gutunok euskal gizartea nolakoa izan zen hobeto ezagutzeko aukera ematen dutela adierazi zuen Joxe Joan Gonzalez Txabarri ahaldun nagusiak. «Nekez uler daiteke azken urteotan gertatu dena, kulturan nola politikan, hura behar bezala ezagutu gabe. Abertzaletasunak etorkizunik badu, kultur eta hizkuntz oinarria duelako izango du», bukatu zuen.
Hurrengo gutunak, Zaitegirenak Utrisque Vasconiaeren izenean, Jokin Apalategi mintzatu zen. Izan ere, “Orixe. Gutunak (1917-1961)” argitaletxeak gutunei eskainiko dien eta Apalategik berak zuzenduko duen bildumaren lehen fruitua da. «Euskal munduaren autohistoria oraindik egin dabe dago adierazi zuen Apalategik. Azken urteotan Unibertsitatea dugun arren, historia gutxi egin da, eta autohistoria are gutxiago. Autohistoria modu askotara egiten da, eta gutunak plazaratzea horietako bat da. Gutunak, alabaina, ezin dira nolanahi plazaratu. Iztuetarrek, berriz, asmatu egin dute, eta beren lana eredugarria da».
Apalategik aurreratu zuenez, Jokin Zaitegirenak izango dira Utrisque Vasconiaek argitaratuko dituen hurrengo gutunak.
|