Etxerat: «Paris gatazka elikatzen ari da»
BAIONA
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako errepresaliatuen senitartekoak mintzatu ziren atzo Baionan, eta beren hitzei samina zerien. Preso eta iheslari hainbaten senideek beren lekukotasuna eman zuten, tartean Jon eta Unai Paroten arrebak. Haren bi anaiek espetxeratuta daramatzaten hamazazpi urteak «tortura txuritzat» jo zituen, eta biak ala biak bizi osorako zigorrera kondenatu nahi dituztela adierazi zuen. Lehenak, Estatu frantsesean preso dagoenak, berrikitan egin du baldintzapeko askatasun eskaera, baina Filipe Bidarten kasua ikusirik, ez dute itxaropen handirik. Bigarrenari, berriz, «dotrina berria, eta ez Parot dotrina» ñabardura eginda, aplikatu zaiolako eta 50 urteko beste zigor bat jaso duelako. Etxerat-ek ozenki salatu zuen «salbuespen neurriak» eguneroko ogi bilakatu direla, eta, beren senideei ez ezik, eurei ere zuzenean eragiten dietela adierazi zuten: «Presoak bakartzen edo urruntzen dituztenean, sendia ere bakartu eta urrundu egiten dute».
«Axolagabekeriaren horma»
Etxerat-ek gaineratu zuen haientzat «gauzak ez direla aldatu, okerrera ez bada», eta «hautetsiengan, oro har, baita zenbait herritarrengan ere» sumatzen duten «axolagabekeriaren horma» deitoratu zuten. Bereziki gaitzetsi zuten Estatu frantsesak haiekin duen jarrera, «gatazka elikatu besterik ez baitu egiten». Hala, Estatu frantsesa deitu zuen «behingoz Euskal Herrian gatazka politikoa dagoela onartzera», presoen eta iheslarien existentzia haren ondorio denez beren izaera politikoa onartzera eta bizi osorako zigorrak, urruntasuna eta bakartzea amaitzera; iheslarien kasuan, Euskal Herrian libre bizitzeko duten eskubidea errespetatzeko eskatu zioten. Larunbatean 17.00etan Donibane Lohizuneko manifestaziora eta igandean Hazparneko Elkartasun Egunera joateko deia ere egin zuten.
|