Gazteriaren II. Biltzarra hilaren 18an izango da Andoainen
Azaroaren 18an, goizeko 9.30ean izango da Gazteriaren II. Biltzarraren hitzordua, Andoaingo Bastero Kulturgunean. Bertan Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak sustatu eta bultzatuko dituen egitasmoak hitzartuko dituzte bertaratuko diren gazteek. Ekintza plana eta gazteriaren eskubideak izango dira Biltzarraren gai nagusiak.
DONOSTIA
Datorren azaroaren 18an goizeko 9.30ean izango da Gazteriaren II. Biltzarraren hitzordua, Andoaingo Bastero kulturgunean eta nondik norakoak aurkezteko xedez prentsaurrekoa eman zuten atzo Aitziber Perez eta Joanes Garcia Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluko koordinatzaileek dozenaka gazteren babesarekin.Azaroaren 18an, Euskal Herriko txoko desberdinetatik datozen eta eremu desberdinetan lanean ari diren pentsamendu eta ideologia anitzeko gazteak bilduko dira Andoainen. Bertan, Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak sustatu eta bultzatuko dituen egitasmoak hi- tzartuko dituzte. «Eragile bakoitzaren egitasmo zehatzen aurrean, herri bezala eta gazte bezala beharrezkoak ditugun egitasmoak lehenetsiko ditugu», gaineratu zuen Perezek. Gazteriaren Biltzarrean hitzartuko dituzten egitasmoek ez dute eragileen lana ordezkatu nahi, Garciak adierazi bezala, «eragile zein norbanakoentzat tresna erabilgarria izan nahi baitu Gazteriaren Kontseiluak». Euskal Herriaren garapenean gazteriak zeresan handia duela deritzo Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak eta bide horretan, «gazteek beren herriarekin duten konpromisoaren zein osatzen duten kolek- tiboaren aldeko garapenean duten konpromisoaren erakusle» bilakatu nahi dute Gazteriaren Biltzarra. Horretarako hiru ataletan banatuko dute Biltzarra. Lehenik eta behin, ekintza planaren inguruan arituko dira. Bertan, eremu desberdinetan dauden beharrak identifikatu ostean, gazteriarentzat nahitaezkoak diren egitasmoak zeintzuk diren eztabaidatu eta hitzartuko dituzte. Helburu hori betetzeko, eremu desberdinetan lanean dabiltzan eragile zein pertsonek proposamenak aurkeztuko dituzte. Horien artean, arkitekturako ikasle talde batek etxebizitzaren auziaren inguruko proposamena azalduko du.
Uholdea egiteko garaia
Ondoren, gazteriaren eskubideen inguruan mintzatuko dira. Horiek bermatze aldera beharrezkoak diren egitasmoak zehaztuko dituzte, baita eskubide urraketak salatzeko zerbi- tzuak ere. Biltzarra bukatzeko, aldiz, nazioarteaz, Nafarroako eta Euskadiko Gazte Kontseiluekin garatu beharreko lankidetzaz edota sortu beharreko datu baseez arituko dira.Euskal gazteriaren parte-hartzea errazteko, azkeneko asteetan, Euskal Herri osoko ia 40 herri, auzo eta unibertsitatetan mintegiak egin dituzte, eta hala, eremu ezberdinetan garatu beharreko egitasmoen inguruko gogoeta eta proposamen ugari jaso dute. Atzo, aldiz, Andoainera bertaratzeko dei egin zuten Gazteriaren Kontseiluko koordinatzaileek. Haien aburuz, «gazteriaren garapen integrala ahalbidetuko duen uholdea egiteko garaia da».
«Gazteok erabaki, gazteok eraiki» lelopean dator Gazteen Biltzarra
Antolatzaileen ustez, «hitzetatik ekintzetara igarotzeko» garaia da oraingoa, eta horregatik, ezinbestekotzat jo zuten gazteria datorren azaroaren 18an Andoaingo Bastero kulturgunera bertaratzea. Nafarroako, Arabako eta Bizkaiko hiriburuetatik, antolakuntzak autobusak jarri ditu eta izena emateko 636092484 telefonora deitu besterik ez da egin behar. Eztabaidarako edukia hilaren 13tik aurrera www.gazteriarenkontseilua.org webgunean izango da ikusgai.-
|