IRUÑEA
Nafarroako Gobernuko Enplegu Zerbitzuko zuzendari Susana Labiano eta Industria, Teknologia, Merkataritza eta Lan arloetako sailburu Javier Armendariz herrialdean aplikatzen ari diren Modernizazio Planaz aritu ziren atzo. Armendarizen esanetan, plan horrek «helburu garbi bat dauka: lan egiteko adinean eta gogoz dauden herritarren beharrei zuzendutako kalitatezko enplegua lortzea».2007. urte bukaera arte aplikatuko duten ekimen honetan lau milioi euro inbertituko ditu Nafarroako Gobernuak, komunikabideen aurrean atzo jakinarazi zutenaren arabera. Aipatutako helburuaz gain, ekimenak hainbat berrikuntza aurrez ikusten ditu.
Hain zuzen ere, enplegu bulego arruntak eskualdeko enplegu bulegoak izango dira aurrerantzean eta hobekuntzak egingo dituzte Enplegu Zerbitzuak dituen bi hezkuntza zentroetan. Era berean, nafarrei zuzendutako informazio sistema berriak ahalbidetuko dituzte, baita txostenen kudeaketarako baliabideak eta informatizatutako sistema berriak abian jarri ere.
Aukera berdintasuna
Modernizazio Planaren bultzatzaileek adierazi zuten lan merkatuaren aurrean herritarrak laguntzeko xedea duela ekimen horrek. Alde horretatik, Armendarizek nabarmendu zuen bitartekaritza lan hori irizpide hauei jarraituz egingo dutela: aukeren berdintasuna, eraginkortasuna eta zerbitzuen kalitatea. Lan arloko sailburuak ziurtatu zuen zerbitzuetan ez dela diskriminaziorik gertatuko.
Nabarmentzekoa da NafarroakoEnplegu Zerbitzuak bultzatutako Modernizazio Plana herrialdeko delako hirugarren Enplegu Planean aurrez ikusita dagoela. Azken plan hori Iruñeko Gobernuak, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak eta UGT eta CCOO sindikatuek sinatu zuten. Armendarizek, sinatzaileak gogora ekarri eta gero, plana behar bezala hitzartuta dagoela esan zuen.