AMURRIO
Gaur hasi eta heldu den asteazkenera bitarte perretxikoz eta perretxikozalez betea izanen da Amurrio, Mikoturismo Egunak egingo baitituzte hirugarren urtez. Berrogei elkarte baino gehiago gonbidatu dituzte ekimen turistiko eta gastronomiko horretara, eta ordezkaritza zabala izatea espero dute, Pablo Isasi alkateak jakinarazi duenez.
Turismoa sustatzeko sortu zituzten jardunaldiak Arabako herri horretan, mikologia sustraitua dagoela aprobetxatuta, eta hainbat ekitaldi prestatu dute aste honetarako ere.
Gaur eta bihar sukaldaritza ikastaroa emanen dute Refor jatetxean, arratsaldeko zazpietan hasita. Nahi duten guztiek har dezakete parte. Herriko turismo bulegora joan, sei euro ordaindu eta izena eman bertzerik ez dute egin behar.
Larunbatean, berriz, bisita gidatua eginen dute mendira, goizeko bederatzietan abiatuta. Mikologia adituak izanen dira gidariak eta sekretuen berri emanen diete herritarrei. Bueltatzean, bazkaria eginen dute Arabako Txakolina upeltegiko txokoan. Ondoren, kontu handiz sailkatuko dituzte bildutako perretxikoak, hurrengo egunean herriko frontoian erakusteko.
Baina igandeko ekitaldi nagusia ez da hori izanen, perretxikoekin eta onddoekin egindako pintxo lehiaketa baizik. Bi kategoria izanen dira bertan, bat zaleei zuzendua eta bertzea ostalariei. Geroago, eguerdian, sabela goxatzeko parada izanen dute bertaratutakoek, perretxikoak eta txakolina emanen baitituzte Juan Urrutia plazan.
Bi eguneko atsedenaldiaren ondotik, ezin hobeki emanen diete bukaera jardunaldiei asteazkenean, Eduardo Fidalgo mikologo ezaguna bertaratuko delako hitzaldia ematera. “Clasificación de campo del género boletus” du izena mintzaldiak, eta 19.30ean izanen da katekesi aretoan.