DONOSTIA
Joxemari Olasagasti Donostiako Aldanondo jatetxean egongo da gaur iluntzean, 20.00etatik aurrera, Miel Mindegiaren zain, eta badirudi Ezkurrako aizkolari beteranoa bertara joango dela.
Olasagastik nafarrari zuzendutako desafioa bota zuen. Errege egunean, urtarrilaren 6an, 30 kana-erdikora jokatzeko prest dago Igeldokoa. 36.000 euro dirutan ere jokatzeko prest dago, baita sarrerekin ateratzen den dirua jokatzeko ere.
Garbi dago inoiz jokatu den dirutzarik handiena izango litzatekeela honakoa, apustua baldintza horiekin jokatzen badute behintzat.
Orain dela hiru aste, Euskal Herriko finala jokatzen zen bitartean, Mindegiak bota zuen desafioa 20 kana-erdikotara. Berak Larretxea eta Nazabal baztertu zituen, eta horien aurka izan ezik, gainerako guztien kontra jokatzeko prest zegoen Ezkurrakoa. Zaleek Olasagastiri zuzendutako apustua zela ulertu zuten, baina finala amaitu bezain azkar esan zuen Olasagastik ez zela dei hartara joango, eta horrela egin zuen. Gero, berak bota zuen desafioa, eta ikusgai dago ea azkenean apusturik izango den edo ez.
Mindegia bera apusturako gogoz dagoela dirudi. 57 urte izan arren sasoiko dago, eta hori baieztatzeko bere azkeneko txapela ikusi besterik ez dago, orain dela bi aste Lakuntzan Nafarroakoa bereganatu baitzuen. Egia da Nazabal ez zegoela bertan, eta Larretxeak ere arazoak izan zituela, baina garaipena berak lortu zuen, eta hori ez dago eztabaidatzerik.
Mindegiak bere azkeneko apustua Arria V.aren aurka jokatu zuen orain dela lau urte, eta Olasagastik, berriz, joan den apirilean jokatu zuen bere azkeneko apustua. Orduan Lasa eta Otaño bikoa izan zuen aurrez aurre. Ea bada apustu hau ere ateratzeko modua egiten duten.