Julen Murgoitio
Zera
Zeraren zera zeraren zeragaz zertu zen.. Horrelaxe esan ei zion Arratiako baserritar batek bere auzoko bati, biok ezaguna zuten auzokide baten alaba beste ezagun baten semearekin ezkondua zela adierazteko. Eta besteak ulertu, ondo ulertu ere, elkarrizketa nondik zetorren jakin bazekielako. Kontuak atera zer ulertuko zuen hark derrepentean, aurre-berbarik gabe, esaldi hori entzunda. Bekainak frontearen gainetik altxatuta eta kokotxa sudurraren aurretik aterata geratuko zen gizajoa, ulertu ezinik. Ba, antzerako zer edo zer gertatzen zait niri prozesuaren gainean politikari batzuek berba egiten dutenean; azkenean ez dakit nor den zer bakoitza, are gutxiago jakin ere nor den zeraren zera eta zertan zertu zen zerarekin. Tira, Arratiako baserritarren beharra du hemengo prozesuak hitzak argituko badira, behinik behin. Batzuek behintzat argiro esaten dituzte gauzak, gauean bada ere. Horra, kasurako, ezker abertzalearen ohiko bozeramaileak berrikitan esana prozesuaren egoeraren gainean, hots, aldeanitzeko elkarrizketa ekarriko duen gutxieneko komuna ezarri behar dela. Tira, gauzak argitzen doaz. Jada kontua ez da bakarrik mahaia, komuna ere da kontua. Apurka-apurka ari da etxea osatzen, oraindik zutabeak faltan izan arren. Dena dela, ez dakit, baina ni horrelako gauzetarako nahiko tradizionala naiz eta elkarrizketa serioa abiatzeko egokiago ikusten dut mahaia, aulkiak eta guzti, komuna baino, ez bada behintzat gertatzen mahaikideen hitzordua Tolosako babarrunaren astean bertan ipintzen dela. Zereko zeraren zerean.
Hemengo politikaren kontuak bazter utzita, prentsaren bestelako orrietan barrena murgildu naiz, zertze aldera. Eta elizarekin egin dut topo derrepentean. Aita santua ostera ere! Europako jendartea kristautasunetik aldentzen ari dela dio. Horrela balitz sikiera! Zereko zera zeretik zertzen? Tira, harira! Aldentze horren zantzuak aurkitu ditu aitak. Horra zantzu bat, ezkontza eta familia krisi sakonean omen dira. Tira, hemengo prozesua bezala, beraz! Itxura batean ez ditu horrek batere gustukoak gero eta sarriago izaten diren hirukoen hartu-emanak; lehendik Euzkadin eta orain Katalunian ere! Eskerrak familiak mantendu egiten direla, Calabrian eta Sizilian mantendu, gutxienez! Beste zantzu bat, sakramentuen frekuentzia apaltzen ari dela dio. Bai zera, doala Tolosako babarrunaren astera sakramentutan! Eta frekuentzia apaltzen ari bada ere, ez diezaiela horren errua bota Nafarroako irrati euskaldunei, frekuentziatan oso urri daude eta. Zantzuak zantzu, lanbide pastoralak erronka berriak behar dituela atera du ondorio. Ba horretan behintzat bat letozke Arabako artzainak, euren lana egoki zertzeko otsoen erronkari behingoz aurre egin behar zaiola esatean. Ez dute erraza izango baina, erronka horretan pastoralaren babesa izatea, otsoak familiatan dabiltza eta. Horrez gainera, elizak beti izan omen ditu gogoko otsoak, Jainkoaren bildotsak, astoak eta horrelakoak; baina batez ere hartzak. Zenbat artzapezpiku ez ditu elizak hortik barreiatuak izango! Amen. Bai zera! -
|