GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-11-12
Joseba Azkue, Maria Amiano...(*)
Kontratazioei kiratsa darie

LArabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko ikastetxeetan kontratazioak egiterakoan araua oso zehatza da, eta urte osorako lanpostuak izan edo epe jakin baterako ordezkapena izan, arauak oso ongi zehazten du lanpostua esleitzeko modua, eta bietan zerrendetan ordezkook dugun baremazioa da agintzen duena. Iritzi artikulu honen bidez Tontxu Campos buru duen Hezkuntza Sailak ikasturte honetan kontratazioetan egindako iruzurrak eta egingo dituenak salatu nahi ditugu.

Uda partean Hezkuntza Sailak Bizkaian 6 lanpostu eta Gipuzkoan beste 14 lanpostu eman zituen ordezkoen zerrendei muzin eginez, eta esleipen publikoetara eskaini gabe. Prozedura hori ez dakigu prebarikazioa izango ote den, baina ziur gaude ordezkooi egindako iruzurra izan dela.

Hori aski izan ez, eta egun hauetan iruzur bideari berriro ekingo dio. Azaroan hasieran 15 irakaslek partzialki hartuko dute erretiroa, eta horiek utziko duten lanpostuak betetzeko 15 ordezkoekin 5 urterako ordezkapen kontratuak egingo ditu Administrazioak. Baina aurrera jarraitu baino lehen, historia pixka bat egin dezagun.

Iragan ikasturtean, 05-06ko ikasturtean alegia, erretiro partzialak abian jarri ziren Hezkuntza Saileko langile laboralekin (irakasleak, sukaldariak, garbitzaileak, heziketa bereziko hezitzaileak, busetako langileak), eta partzialki erretiroa hartzen zuten langileen lanpostuak esleitzeko kolektibo bakoitzean urte osoko lanpostuak emateko zegoen prozedura bera finkatu zen. Hori horrela izanik, irakasleen kasuan lanpostu horiek ikasturte hasierako esleipenetan eskaini ziren, eta han ordezkook zerrendan genuen ordenaren arabera lanpostu horiek hartzeko aukera izan genuen. Horrela Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian hainbat lanpostu banatu ziren. Handik gutxira, Gipuzkoako lurraldeko Gizarte Segurantzak lurralde honetan egindako hainbat erretiro partzial eta ordezkapen kontratuen aurka jo zuen, Gipuzkoako 11 erretiro partzial eta ordezkapen horiek bertan behera utziz. Langileek horren aurka helegitea jarri zuten, eta epaileek udarako hainbat epai emanda zuten gehienak langileen alde. Epai horietan epaileek esaten zutena zera zen, partzialki erretiroa hartu nahi zuten irakasleekin Administrazioak erretiro partziala gauzatu behar zuela. Aldi berean 05-06ko ikasturtean ordezkapen kontratua lortu zuten ordezkoek epaitegietara ere jo zuten kontratu horiek beraientzat eskatzeko. Egoera horrela zegoelarik, urriaren hasieran Hezkuntza Sailak berritu egin ditu erretiro partzial horiek, eta ordezko horiei aukera eman die berriro ordezkapen kontratura itzultzeko, 06-07ko ikasturte hasieran hartutako lanpostuari uko eginez.

Bitartean, eta anabasa hau zegoelarik aprobetxatuz, Administrazioak partzialki erretiroa hartu nahi zutenen eskaerak ez ditu bideratu, ikasturte hasierako esleipenetan ordezkapen kontraturik ez zuen eskaini, eta orain kurtsoa hasita dagoelarik gauzatu nahi ditu ordezkapen arruntak bailiran, eta arautegiak dioena bete gabe. Hau Tontxu jauna, iruzurra da, prebarikazioa izan daiteke, eta orain arteko zure kudeaketa, gure iritziz, eskasa izan bada, orain ustela ere bada.

Zer dela eta, prozedura hauek? Sailburuak ez al daki kontratazioak burutzerakoan arauak zehatz-mehatz bete behar direla? Sailburuak ez al daki bereizten Administrazio publikoa eta alkartetxeak? Gure lankideek erretiroa hartzeko duten eskubidearekin bat egiten dugu, baina eskubide horrek uztargarria izan behar du ordezkooi lanpostuak esleitzerakoan dagoen arautegiarekin.

Amaitzeko, hiru eskaera: lehena sailburuari ustelkeriaren bidea albora dezan, eta ordezkapen kontratuak behar den moduan bete ditzan. Epaia izan denean, ordezkoei ikasturte hasieran hartutako lanpostua uko egiteko aukera eman bazaie, zergatik ez orain? Bigarrena, EILAS, ELA, CCOO eta UGT sindikatuei Administrazioak egingo duen bidegabekeriari euren babesa ez emateko, eta hirugarrena ordezko guztioi iruzur honen aurrean gure ahotsa entzun diezagutela, kontratazioak arauak dioen moduan egin daitezen. Orain 15 lanpostu izango dira, baina datozen urteetan 5 urterako 400 lanpostutik gora eskainiko dira ordezkapen kontratuen bidez, egun ditugun zerrendak hankaz gora jarriz. -

(*) Joseba Azkue, María Amiano, Luis Orena, Rikardo Lamadrid, Patxi Enparantza, Eder Valladares, Ander Uriarte, Haritz Iraola, Olatz Murua, Aitor Ibarguren, Dani Astarloa, Maider Amatriain, Jaione Aranguren, Irene Zarraua, Idoia Arrillaga, Izaskun Maza, Josu Alvarez, Birjinia Arrazola, Xabier Alduntzin, Eneko Yurramendi, Iker Elexpuru, Edurne Iraola, Iker Garin, Aitzol Iparragirre, Itsaso Ibarrolaza (EAEko irakaskuntza publikoko ordezkoak)


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Reflotar el proceso es una tarea compartida
Euskal Herria
Gaua ilunanagoa da goiz argia heldu aurretik
Kultura
Un concierto irrepetible
Mundua
EEUU vuelve a salvar a Israel de la condena de la ONU por la matanza de palestinos
Kirolak
Un punto de trabajo y reivindicación
Euskal Herria
Miles de personas exigen que se acaben ya los ataques al proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss