Jarrai-Haika-Segiko sententzia, aukeraz beteriko abaniko zabala
Hurrengo ostegunean Segi gazte erakundearen gainean hitz egingo dute Madrilen, beste behin ere; izan ere, «Jarrai-Haika-Segi kasuan» Auzitegi Nazionalak ezarri zuen sententziaren errekurtsoak aztertuko baititu Auzitegi Gorenak. Gertatuko dena aurreikusi ezina izanik ere, litekeena da ondorioak larriak izatea; horien artean, aipatutako kasuko auzipetu gazteen etorkizuna dago jokoan.
Urte eta erdi inguru igaro da Auzitegi Nazionalak «Jarrai-Haika-Segi kasua»ren gaineko epaia eman zuenetik. 2001etik aurrera Baltasar Garzon epaileak agindutako polizia sarekaden eta espetxeratze andanaren ondotik egindako tesia hankaz gora jarri zuen epaimahaiak, nahiz eta gazte antolakunde independentista «ilizitua» dela ondorioztatu. Alta, Fiskaltza ez dago gustura emandako auziarekin, eta lehen unean hartu zuen jarrerari eusten dio egun ere: gazte erakunde «terroristak» direla. Eta horixe izango da hilaren 16an Auzitegi Gorenean Gobernu espainolaren ordezkari papera egiten duenak, Fiskaltzak, esango duena. Izan ere, ahantzia dirudien auziaren gainean alarma guztiak piztuak daude, datorren astean Madrilen izango den bista judizialari begira. Asko baitago jokoan; bai auzipetuen etorkizun hurbilari dagokionez, baina, batik bat, Euskal Herriko milaka gaztek bat egiten duten Segi antolakundearen jardun politikoaren baldintzapenei dagokienez. Are larriagoa da, hala ere, auzibide horrek duen «faktore politikoa», baita 18/98 makrosumarioan izan dezakeen eragina ere, Aitor Ibero abokatuak GARAri nabarmendu dionaren arabera.
Aurrekari juridiko-politikoa
Aitor Ibero, Arantza Zuluetarekin, Ińigo Iruinekin eta Iker Urbinarekin batera, hurrengo ostegunean Auzitegi Gorenean Jarrai, Haika eta Segiko auzipetuen defentsan arituko da. Hark esan duenez, ezin daiteke aurreratu bertan zer gertatuko den, baina irekitzen den «abaniko aukera» oso-oso zabala dela nabarmendu du. Bost epailek osatuko dute Fiskaltzaren, AVT elkartearen eta defentsaren errekurtsoak aztertuko dituen epaimahaia; lau, bederen, kontserbadoreak dira. Defentsak osatu duen errekurtsoak kasik 600 orrialde ditu; akusazio lanetan dihardutenena ez da jakina, baina bai, aldiz, zeintzuk diren euren asmoak: Fiskaltzak 10 urteko espetxe zigorra eta «terrorismoa» leporatzeko eskatu du; AVT elkarteak 15 urteko espetxe zigorra, eta hark ere «terrorismoa» leporatzeko eskatu du. Defentsak, aldiz, auzipetuen absoluzioa galdegin du, eta Segi gazte erakundearen jarduera publiko eta politikoa defendatuko ditu. Eta zer gerta daiteke osteguneko bistaren ostean?. «Ezin da esan zer gertatuko den», esan du Iberok. Baina aukerak asko direla azaldu du, baita auziaren larritasuna zertan datzan ere. Gorenak plazara dezakeen sententzia kaleratzeko, gehienez jota, hilabete bat igaroko dela uste du, baina epairik ez egotea ere gerta daitekeela azaldu du. Hau da, auzipetuak absolbitzea lortzea, baita epaiketa berriro hasieratik egin dadin agintzea ere. Azken aukera horiek ahalbidetuko lituzketen hainbat adibide ere aipatu ditu. Hala nola, prozedura judizialean izandako «akats formalak» kontuan hartuz gero, telefono bidezko deiak legez kanpokoak eta arrazoirik gabeak direla dio defentsak, eta horiek onartuz gero eta auzibidean frogarik egon ezean, absoluzioa behar luke etorri. Bestalde, Polizia espainoleko UCIkoak peritu lanetan ezin direla aritu dio defentsak: «Hori onartuko balute, esan dezakete froga horiek baliogabeak direla eta epaiketa frogarik gabe berriro egin behar dela». Baina, bestelakobidezidorrak ere har ditzake ostegunean Auzitegi Gorenak aztertuko duen auziak. Fiskaltzaren edota AVT elkartearen eskaerak aintzat hartuz gero, seguru asko, «Jarrai-Haika-Segi auzi»ko hogeita hamar inputatuk baino gehiagok 10 urteko edota hortik beherako espetxe zigorrei egin beharko baitie aurre. Guztiak espetxeratuak izan daitezkeela ondorioztatzen du horrek, gehienez jota kasik lau urte igaro baitzituzten gatibu Haikako auzipetuek. Argi eta garbi adierazi du Iberok irekita dagoen «abaniko aukera» oso-oso zabala dela. Alabaina, alor juridiko hutsalari so egitea errealitateari muzin egitea delakoan, auzibide horrek muinean duen «bultzada politikoa» ezin daiteke begi bistatik aldendu. «Beti esan izan dugu, hasieratik, guzti honen atzean bulkada politiko bat egon dela eta dagoela. Orain ere, testuinguru politiko honetan, fiskala da ‘terrorismo’ gisa auzipetzea eskatzen ari dena, hau da, Gobernuaren pean dagoen organoa. Argi ikusten da zein diren beren asmoak», esan du Iberok. Alta, ostegunean, azaroaren 16an, Madrilen izango den bista judizialaren garrantzia oraindik eta sakonagoa da auzibide honek 18/98 makrosumarioarekin duen lotura zuzenaren jakitun eginez gero. Gainera,aurrekari juridiko bat izango da Auzitegi Gorenak plazaratu dezakeen sententzia. Zergatik? Hain zuzen, Gorenak emandako epaiek jurisprudentzia ezartzen dutelako, hau da, lege izaera ematen dielako epaiei. Auzitegi Konstituzionaleko ateak jotzeko aukera ere hor egon arren orain- dik,horrek ez luke baldintzatuko, Aitor Iberok adierazi duen bezala, Gorenaren epaia aplikatzea.
Nola da posible?
Baina, oraindik ere badira harridura eta larritasuna eragiten duten beste zantzu batzuk. Nahiz eta Auzitegi Nazionalaren sententziak antolakunde «ilizitu» gisajo zituen gazte erakundeak, epaian bertan zera esaten da oraindik: gazte erakundeak «kale borroka» dinamizatzeko ardura duela, hori ETA erakunde armatuaren agindupean egiten dela, eta hori KASen eta Ekinen bidez bideratzen dela. Eta nola da posible hori, oraindik orain tesi horien auzibidea amaitu ez bada?Horixe da 18/98 sumarioan akusazioek esaten dutena, baina nola da posible hori ondorioztatzea eta epaian idaztea, 18/98ko makrosumarioa oraindik ez bada amaitu? Egindakoa juridikoki ez dela posible azaldu du abokatu donostiarrak, eta horixe bera defendatu zutela «Jarrai-Haika-Segi auzia»- ren epaiketa hasi aurretik ere. Eta horixe defendatuko dute datorren osteguneko bista judizialean ere. Auzibideari dagokionez eta etorkizun hurbilari so eginez, Aitor Iberok bi mailatan bereizi ditu defentsa- ko abokatuen kezkak: alde batetik, auzipetuak espetxeratu ditzaketen aukerari dagokiona, eta, beste alde- tik, Segi gazte erakundearen jarduera politikoari dago- kiona. Auzitegi Gorenak ostegunetik aitzin har dezakeen
erabakiak, Euskal Herriari dagokionez, behintzat, garrantzizkoak direlaagerikoa
da; izan ere, antolakunde politikoen inguruan eta jarduera politikoaren gainean
Madrilen erabaki bat plaza- ratuko baita. Alta, auzi horren eta ondotik etorriko
diren epaiketen gainean zer nolako bultzada eta interes politikoa dagoen ere
agerikoa da. -
Madrilen gatibu izan daitezke berriro ere
42 gazte dira Jarrai, Haika eta Segiko auzipetuak, nahiz eta ez ziren guztiak izan epaituak. Hala ere, 30 bat espetxean hiru urte eta erdi eta bi urte eta erdi inguru egonak dira: Haikaren aurkako polizia operazioaren ondotik lehenak, eta Segiren aurkakoan bigarrenak. Egun guztiak aske daude, orain dela urte eta erdi amaitu zen epaiketaren ondotik. Horietako askok legez behin-behineko preso gisa igaro daitezkeen lau urteak kasik osorik bete zituzten. Baina, hala ere, berriro Estatu espainolaren preso izateko arriskua ez da uxatu.
Izan ere, Fiskaltzaren edota PPren gertuko AVT elkartearen eskaerak aintzat hartuz gero Auzitegi Goreneko epaimahaiak, eta «terrorismoa» egotziz gero euskal gazteei, seguru asko auzipetu guztiak espetxera joan beharko dira.
Gainera, sententzia da- goen bezala geldituz gero ere, hainbat auzipetuk kartzelara joan beharko dute; izan ere, bi urte eta erdi eta hiru urte eta erdiko zigorrak ezarri baitzizkieten. Aukera guztiak mahaigaineratuta ere bestelako bat agertzen da: auzipetu gazteen aurkako atxilotze aginduak ematea.
Aukera hori, gainera, epaia aditzera eman baino lehen gerta daitekeela esan du Aitor Iberok; sententziaren karietara dauden aukera ugariren beste adibide bat dugu.
|