DONIBANE LOHIZUNE
«Errepresiorik ez, amnistia eta askatasuna» lelopean zazpiehun bat lagunek manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean Donibane Lohizunen. Estatu frantsesean jaieguna zen atzo; Alemaniak errendizioa sinatu zuen eguna eta, beraz, Lehen Mundu Gerraren amaiera gogoratzeko eguna. Horrenbestez, kanpotarrez josi zen Donibane Lohizune, eta horietako batek baino gehiagok, harridura aurpegiz, mobilizazioaren zergatiaz galdetu zuen. Manifestazioak Ganbeta karrika igaro zuenean, kontrastea are nabarmenagoa izan zen, turistek eta manifestariek erabat bete baitzuten kale famatua.
Louis XIV.aren enparantzan hasi eta bukatu zen protestaren ibilbidea, Askatasunak sinatutako eta deialdiaren leloa jasotzen zuen pankarta bat buruan zuela. Karriketan barrena, manifestariek hainbat lelo oihukatu zituzten; gehienbat, errepresioaren kontra eta presoen alde. Estatu frantsesak euskaldunen kontra darabilen jokabideari aurre egiteko gogoa ere erakutsi zuten, gordinki: «Levert, entzun, pin, pan, pun».
Plazara iritsi eta gero, Jean François Lefort Askatasuneko bozeramaileak hartu zuen hitza. Kalera irteteko arrazoi asko dagoela esan zuen. «Zerrenda luzea» izanda ere, presoen kontrako erasoak aipatu zituen lehenik. Iñaki de Juanaren egoera salatu ostean (hortxe entzun zen bertaratutakoen lehen txalo zaparrada), Fernando Bert ere gose-greban dagoela ekarri zuen gogora Lefortek.
Azken egunotan kaleko manifestazioek izan dituzten eragozpenak ere izan zituen hizpide. Polizia indarrek Donostian eta Bilbon ostiralean izandako jokabidea gogor kritikatu zuen.
Leforten hitzaldiaren mami nagusiak Estatu fratsesak eraikitako egitura errepresiboari erreparatu zion. «Terrorismoaren» kontrako legeria berriro ere gogortu dutela esan zuen. Islamisten aitzakia erabili badute ere, neurri berriak euskaldunak ari direla jasaten jakinarazi zuen.
Kartzela zigorrerako epaitegia
Besteren artean, kartzela zigorren aplikazioaz arduratzeko epaitegi berezia sortu dute. Leforten esanetan, lehen emaitzak ezin okerragoak izan dira; izan ere, Filipe Bidarti baldintzapeko askatasuna bigarren aldiz ukatu berri dio.Parisko agintariek bestelakorik esaten badute ere, Estatu frantsesa «gatazkaren parte» dela baietsi zuen Askatasuneko bozeramaileak. Errepresioa horren lekuko dela baieztatu ostean, Parisko epaitegiko 14. sekzio bereziaren jokabidea nabarmendu zuen.
Datozen asteotan, epaiketa garrantzitsuak izango direla esan zuen. Hurrengo astean bertan izango den auzian Oihane Errazkin epaitu behar zutela gogoraraziz, euskal presoa bere buruaz beste egitera behartu zuen egoera bihozgabea salatu zuen. Abenduan, berriz, euskal presoen abokatuen kontrako epaiketa izango da Parisko epaitegian. «Euskaldunok epaitu nahi gaituzte, baina guk epaituko ditugu gure mobilizazioekin», esan zuen Lefortek.
Estatu frantsesa gatazkaren parte dela esatearekin batera, konponbidean ere parte hartu beharko duela esan zuen Lefortek. 14. sekzioaren salaketaren hariari jarraituz, konponbidean inplikatzeko lehen urratsa egiteko eta errepresio egitura hori desegiteko eskatu zion Askatasuneko bozeramaileak Parisi.