- CFA
Avironek jokoa eta golak jarri ditu lapurtarren derbian
·Lalanek eta Lestagek egin zituzten baionarren bi golak
AVIRON 2
GENETS 0
DONOSTIA
Avironek irabazi zuen herenegun gauean Baionan jokatu zuten lapurtarren arteko derbia. Lehen aldiz izan da euskal derbia maila profesionalean, eta zaleek ez zuten hutsik egin, Didier Deschamps zelaiko harmailak ia bete egin baitziren.Aviron hobea izan zen, eta merezita eraman zuen garaipena. Lehen zatian, zuri-urdinak izan ziren nagusi. Taktikoki zelaian oso ongi kokatu ziren, eta aurrealdean aritu ziren hiru jokalariek buruko min asko eman zizkioten hori-berdeen atzealdeari. Atsedenerako bederatzi minutu falta zirenean, Jerome Lalane, angeluarren atzealdeak egindako huts baten ostean, Gruelen aurrean bakar-bakarrik geratu zen, eta ez zuen barkatu, etxekoen lehen gola lortu baitzuen. Bigarren zatian Genets partidari buelta ematera atera zen, baina Avironek ederki irakurri zuen norgehiagoka. Baloiaren jabetza kanpotarrei utzi zien, kontraerasora jokatzeko asmoarekin, eta horrelaxe heldu zen Lestagek lortu zuen bigarren gola. Genetsek izan zuen berriro ere neurketan sartzeko parada, penalti bat izan baitzuen alde, baina Poueysen jaurtiketa Bouet atezainak geratu zuen. Berririk txarrena, berriz, lesioak izan ziren, Genetseko Dubrocak, Jauregik eta Ipekek min hartuta utzi behar izan baitzuten Baionako berdegunea.
|