-Harri-zulatzaileak
Aurrekoetxeak erraz irabazi du apustua
DONOSTIA
Aurrekoetxeak erraz irabazi zuen atzo Sondikako taldearen aurka Zamudion jokatu zuen apustua. Aurrekoetxeak berak bakarrik sei zulo egin behar zituen, eta Sondikakoek ere bai, baina taldeko hiru kirolariek bina egin beharra zituzten. Alde bakoitzak 1.500 euro jokatzen zituen dirutan.
Aurrekoetxeak hastapenetik hartu zuen aurrea. Erritmo ona hartu zuen, eta bere martxan zuloak erraz egiten zituen. Hirukotea, berriz, arazo gehiagorekin zebilen.
Zuloak egiten hasi eta beste batera pasatzea badago, eta askotan zaila izaten da jakitea zein doan lehenengo, baina atzo Aurrekoetxea irabazten ari zela zirudien, eta horrelaxe izan zen. Azkenean, 24 minutu eta bost segundotan amaitu zituen bere lanak. Sondika taldeko hirukoteak, berriz, une horretan bere lana uzteko erabakia hartu zuen, oraindik lau besterik ez baitzituen egin.
Aurrekoetxea gustura zegoen egindako lanarekin: «Egia esan, oso gustura nago. Ongi aritu naiz lanean, eta uste baino errazago irabazi dut. Haiek gehiago estutuko nindutela uste nuen, baina ez da horrela izan. Azken orduan taldean aldaketa bat egin behar izan dute, eta agian nabaritu egingo zuten», esan zuen.
Geroari begira jarrita, ez du baztertzen beste apusturen bat egitea: «Orain atseden hartu nahi dut. Denboraldia udaberrian hasten da, eta oso luzea egiten da. Hala ere, norbaitek desafioren bat botatzen baldin badit, uste dut ez diodala atzera egingo. Niri apustu mundua gustatzen zait, eroso sentitzen naiz, eta gaurkoa eta gero, berriro ere jokatzeko prest nago», esanda agurtu zen atzoko irabazlea.
|