Bi koplariren arteko dema
Trikitiaren jaialdi batean badirudi soinu txikiak izan behar lukeela protagonista, baina atzokoan ahotsak izan ziren txalo zaparradak eragin zituztenak eta emakume ahotsakbereziki, Mertxe Olidenen eta Mentxu Alkortaren arteko dema izan baitzen jaialdiko une beroena. Buruz buru aritu ziren bi emakumeak.
Xabier Amurizari eta Mixel Ducauri egokitu zitzaien giroa berotzea eta ez zuten asko saiatu beharrik izan, Nazioarteko Trikitixa Jaialdira joaten den publikoa halakoxea baita, beroa eta esker onekoa. «Inor ez dugu triste jarriko eta triste daudenak ere alaitu egin nahi ditugu», esan zuen Amurizak. Hiru pieza kantatu zituen, Bizkaiko errepertoriokoak hirurak, eta nola kantatu gainera, urteen poderioz agertokian egoten ez ezik, mugitzen ere ikasi egin baitu bertsolariak. Indartsu, sasoiko, solte ikusi genuen. Eta dotore lagundu zion Mixel Ducauk. «Infernuko hauspoa dago, baina honenak infernuko sokak dira. Gozoa izan behar du soka horiekin urkatzea bera ere», esan zuen bere laguna aurkezterakoan.Aurkezleak ere neurrikoak izan zituen atzoko jaialdiak, Anabel Arraiz eta Pilar Rodriguez. Biek erakutsi zuten profesionaltasun erabatekoa. Amurizaren eta Ducauren ondoren Cathrin Alisch eta Alaitz Telletxea atera ziren agertokira, biolin-jotzaile eta kantari alemaniarra lehena eta Maider Zabalegirekin batean urte piloa ibili den trikitilaria eta gaur Trikitixa Elkarteko lehendakaria bestea. Lehendik ere elkarrekin Alemanian joak omen dira eta ederki moldatu ziren, bai kantuan eta bai instrumentuekin ere. Errumaniarren txanda izan zen segidan. Julian eta Ion Cobzaru lehengusuak dira eta lau urte daramatzate Euskal Herrian lanean. Soinu handia jotzen du Julianek eta harrigarriro jotzen duela frogatu zuen, birtuosismoaren erakustaldi batzuk eginez eta inprobisatzen maisua dela erakutsiz. Aurkezleek esan zutenez, euskaraz ere poliki moldatzen dira.
Bi izarrak
Publiko trikitizalea irekia da. Kanpokoak gustatzen zaizkio, baina etxekoak ditu maiteen. Hala gertatu izan da aurreko jaialdietan eta hala gertatu zen atzokoan ere.Epelde trikitilaria Lutxurdio (Eugenio Gisasola) elosuarra panderoa jotzen zuela atera zen agertokira, baina kantatzen hasi orduko Mertxe Oliden oriotarrak bildu zituen txalo guztiak. Tapiaren diskoetan eta beste zenbaitetan kantatu duen emakumea urduri antza zegoen atzo, une batean aurrean idatzita zituen koplak irakurri ezinik ere ibili zen, baina kantuan sekulako adurra du. Bai berak bai ondoren berarekin kantatuko zuen Mentxu Alkortak propio jaialdirako prestatutako kopla sorta batzuk erabili zituzten, ez denak maila izugarrikoak. «Kontxan dago barandilla/ Kontxan dago barandilla/bertan begirale pila/ umetan hartu ez zuten/ titi gozoaren bila/ titi gozoaren bila/Kontxan dago barandila», eta gisakoak entzun genituen. «Euskaldunen eskopetak, failoa du gatiluan», bukatu zuen beste kopla bat. Bere kantaera, dena den, ederra da, tradizioan oinarritua. Mentxu Alkorta atera zen orduan agertokira Egurrola gaztearekin eta Gema Sistiagarekin eta hark, bigarren koplari horrek alegia, beste estilo bat ekarri zuen, arras desberdina, teatralagoa eta arrotzagoa. Bien arteko dema izan zen jaialdiko unerik txalotuena, ez beharbada koplak beti izugarriak zirelako, gutxitan ikusten den ikuskizuna zelako baizik. Bi koplariei begira ez zen batere zaila garai bateko emakume koplarien arteko ziztadak irudikatzea. Portugalgo iparraldetik etorri ziren ondoren jaialdira eta berriro emakumeak izan ziren protagonista, Chaozinha ahizpak lau baitira. Goldarem herrikoak dira, hamaika senideko familia batekoak eta laguntzen zien «trikitilariak» agertu zuenez, ez dute inoiz entseatzen. «Guk erromerietan eta festetan kantatzen dugu eta erromeria eta festetan ikusten dugu elkar. Ez dugu, beraz, entrenatu beharrik izaten. Ateratzen zaigun bezala, bihotzetik ateratzen zaigun moduan kantatzen dugu», esan zuen. Ahots ikusgarriak dituzte, faltsetean kantatuko balute bezala entzuten zaie, hasieran bederen edonori larrua lazteko moduan. Arrasateko Gose hirukoteak eman zion amaiera jaialdiari. Ines Osinagak, Iñaki Bengoak eta Tadeosek osatzen dute taldea. Trikitia ohikoak ez diren musika tresnekin nahasten dute. Haientzat ere txalo ugari izan zen, bi ordu luze txaloak jotzen egon arren, denentzako adina ekarri baitzuten atzo Kursaalgo ganbera aretoan bildu ziren trikitizaleek. -
|