GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-11-12
Liburu aurrerapena
Errotarria
Kartzelatik idatzi izan du beti Jokin Urainek: bi nobela, kronikak,poemak... Hogei urte daramatza preso. Susa argitaletxeak datorren astean plazaratuko duen «Errotarria» liburu berria 1936tik 2005era bitartean jazotako borroken eta derroten kronika bilduma bat da, Jokin Urainek entzun eta irakurritakotik, hausnartu eta bizi izandakotik ekarria. Liburuko kapitulu baten aurrerapena dakarkigu orri honetan: «Zorritsuen armada» izenekoa.

1939ko apirilean 227.000 pertsona inguru zeuden 9 kontzentrazio zelaiotan: Sant Cebriŕ, Argeles, El Barcarés, Gurs, Septfonds, Agde, Bramm, El Vernet eta Maseras. Kontzentrazio barrutietan zeudenei gaitasun frogak egin zizkieten, gainditzen zituzten haiek industrian, nekazaritzan eta bestelako lanetan profitatzeko. Bigarren Mundu Gerra pizteaz bat langile erregimenduak desegin eta ahal zuenak ahal zuen lekura jo zuen... bazterren batean bizibidea aurkitzera, itsasontziz Ameriketara...

Gerra Zibila amaitu eta Bigarren Mundu Gerra aurrera zihoan heinean, aro berria hasi zen iheslarientzat. Etxera itzultzeko itxaropena urruntzen ikusi zuten, bazekitelako itzulita ere haien egoera ez zela erbestean baino askoz hobea izango.

Frantziak kontzentrazio zelai handi baten itxura zuen ihesean bizi zirenentzat. Ez ziren ongi hartuak. Prentsan zorritsuen armada gisako izenak ematen zitzaizkien errefuxiatuei. Baita Parisko Asanblea Nazionalak ere, eta honek Espainiara bueltan bidaltzeko eskaera egiten zuen.

Hona Marioren amaginarrebak kontatu diguna:

«Bartzelonan jaio nintzen, 1938ko uztailaren 19an. Gerrako bonbardaketarik handienetako bat jasan zuen Bartzelonak egun hartan.

«Gurasoak Irungoak nituen. Sozialisten gazterietakoa zen aita eta gerra hasi zenean Larrańaga batailoian apuntatu zen. Ama anarkista zen eta abasto lanetan aritzen zen elikagaiak banatzen, Jaizkibelgo trintxeretan eta, San Markosen eta... Irun galdu ondoren Santander aldera jarraitu zion aitak. Zaurituta erori zen han eta ospitale batean sartu zuten. Handik eraman zuten Bartzelonara, osatzeko. Han jaio nintzen ni. Egun hartan bonbardaketa jasan zuen Bartzelonak, eta hartan lanpetuta zeuden sanitarioak. Horregatik, inoren laguntzarik gabe geratu zen ama erditze-aldian; hamahiru ordu geroago iritsi zen izeba, bioi laguntzera. Han hilko ginen biok bestela. Izeba hori beste erasoaldi batean hil zuten geroago, tropei janaria eramaten ari zela.

«Bartzelona galdu ostean, oinez ibili zitezkeenak ospitaletatik atera eta Pirinio aldera abiatu ziren, muga zeharkatzera. Negu gogorreko elurte handian pasa behar izan zuten, tartean nire gurasoek. Bide gehienean amak eraman ninduen lepoan hartuta. «Banuen anaia bat, urtebete nagusiagoa. Irunen zegoen hura, amonarekin, gerraren gorabeherak nora egin zain. Azkenean, Iparraldera jo zuten Santiagoko zubitik.

«Perpinyá inguruko hondartzetan konfinatu gintuzten hasiera batean. Bereizi egin gintuzten: emakumeak eta haurrak alde batean, gizonezkoak beste aldean. Gure gurasoek ez zuten elkarren berri izan bi urtez. Aita lan eremuetan egon zen, eraikuntza lanak egiten, Bordeleko portua eta. Lurralde hori Vichyko gobernuaren menpe zegoenez, alemaniarrek gainbegiratzen zituzten lanak. Gu, ama-eta, zenbait kontzentrazio zelaitatik igaro ginen: Perpinyá, Argeles... Hendaiara joan ginen halako batean, eta nire anaia, amona eta osaba-izeba batzuekin elkartu ginen. Handik, zenbait kontzentrazio eremu edo etxetzar handitara eraman gintuzten denok.

«Alemaniarren nire lehen oroitzapen argia, Lanespede herriko etxe batekoa da. Tarbes eta Lannemezan artean dago herri hori. Gure aitak gobernuarentzako ikazkintzan aurkitu zuen lana, basoan. Trenbide ondo-ondoan zegoen etxe batean bizi ginen. Alemaniarren konboiak deskarrilatzeko sabotajeak egiten zituen erresistentziak, eta, sabotaje haietako bakoitzaren ondoren, etxean zegoen janaria hartu eta mendian ezkutatzen ginen bizkor, alemaniarrek alde egiten zuten arte. Inguruetako etxe guztiak arakatzen baitzituzten, eta atzerritarrenak bereziki. Etxe horretan egon ginen Bigarren Mundu Gerra amaitu zen arte, eta hantxe jaio ziren nire beste bi anai-arreba. Neu arduratzen nintzen anai-arreba txikiez, aitak mendian lan egiten bazuen, amak auzo aberatsagoen etxe eta arropak garbitzen egiten baitzuen lan.

«Gerraren amaierarekin utzi zion gure aitak gobernuarentzat zuzenean lan egiteari, eta lan publikoan, urtegi, errepide eta abarretan jardun zuen. Aitaren lan horregatik, etengabean joan behar izaten genuen alde batera eta bestera, Pirinio aldera aurrena (Nougen, Vergne...), eta Erdialdeko Mendigunera gero (Marsillac, La Croixille...).

«Hamazazpi urte nituelarik erabaki nuen Irunera neu bakarrik itzultzea. Urteetan saiatu nintzen anaiaren eta bion jaiotza agiriak lortzen, paperak zuzentzeko. Ukatu egiten zizkiguten beti, Bartzelonako agiritegiak suak galdu zituela esanez. Irunera itzuli nintzen hala ere, eta osaba batek muga igarotzen lagundu eta bere etxean hartu ninduen hasieran. Nire egoera arautzeko, bataiatzea zen egin beharreko lehen urratsa, ezinbestekoa; baina hori egiteko orduan, elizak ez zuen nire izena Libertad onartzen. Aurrena Maria ipini eta ondorengo beste bat aukeratzera behartu ninduten. Juncal aukeratu zuen nire amak. Dena dela, beste bost urtez egon nintzen dokumentaziorik gabe, Hernaniko apaiz batek jaiotza agiriak lortu zizkidan arte. Ez zidaten utzi sortzezko nire izena berriro erabiltzen. Denbora horretan ezin izan genuen harreman zuzenik eduki familiarekin; beraiek ezin ziren Hegoaldera etorri, eta ni ezin hara joan.

«Horrezkeroztik, Euskal Herriaren askapenean beste era batean parte hartzea egokitu zait».

Ez dakit itzulera baten historia soila den Marioren amaginarrebarena, eta ez den, baita ere, historiaren beraren itzulezintasunaren lagin garden samarra. Historia irabazleek idazten dute jakina denez, baina, hori baino areago, isilarazi egiten zaigu gure izen eta izate propioaren historia txikia ere. Gehien maite dugun hori deblauki nola urruntzen den ikusten dugu, edo besterik gabe begien aurrerik kendu egiten zaigu, menera ezin ditugun indarren tirainak betiko eramango balitu bezala. Jende zanpatuaren armadak sasoi makurren zirimolan. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Reflotar el proceso es una tarea compartida
Euskal Herria
Gaua ilunanagoa da goiz argia heldu aurretik
Kultura
Un concierto irrepetible
Mundua
EEUU vuelve a salvar a Israel de la condena de la ONU por la matanza de palestinos
Kirolak
Un punto de trabajo y reivindicación
Euskal Herria
Miles de personas exigen que se acaben ya los ataques al proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss