Sagarroik itsasoaz haraindiko doinuz beteta porturatu du «Beleike» ontzia
Ondarroako portuan bertan grabatu du Sagarroik disko berria, «Baleike» izenekoa. Portua itsasoaz harainditik datozen genero, ideia eta dena delakoen sarbidea izan da beti eta «Baleike» ere itsasoaz haraindiko doinuz beteta dator: reggae, cumbia, runba, ska... Betiere Iñigo Muguruza erreferente nagusitzat duen taldearen irazkitik pasatuta. Kresal usaineko diskoa da, alaia, Ripiau bera baino «ripiaugoa».
DONOSTIA
“Baleike” da Sagarroiren laugarren diskoa. Joxe Ripiau desegin ondoren, Iñigo Muguruzaren talde berriak “Meatzaldea” (2001) argitaratu zuen. Disko hori Ripiautik urruti zegoen. Izan ere, bertan hardcorea zen nagusi. Ondorengo diskoetan, berriz (“Euria ari duela” eta “Touluse”), Sagarroi berriz Ripiauren soinuaren bila zihoala ematen zuen. Hein batean, behintzat, hala izan da. «‘Baleike’ Ripiau bera baino ‘ripiaugoa’ dela esan digute», aitortu zuen atzo Muguruzak.Abuztuan Japonian barrena egin zuten biratik bueltan grabatu zuten diskoa. Japoniatik hamaika kontu ekarri dituzte, baina ‘Baleike’k ez du hango eraginik; eraginak oso bestelakoak dira. Ondarroako portuan bertan den Santos estudioan grabatu dute. Asier Ituarte taldekideak gogoratu zuenez, portua itsasoaz haraindiko generoen sarbidea izan da beti. “Baleike” ere itsasoaz haraindiko doinuz beteta dator. «Gure aurreko diskoa, ‘Toulouse’ esan zuen, Europako doinuz beteta zegoen. Lehorreko doinuak ziren, ordea. ‘Baleike’koak, berriz, itsasokoak dira». «Oso disko alai, azkar eta mugitua da nabarmendu zuen Muguruzak. Arazoak arazo, une itxaropentsuan bizi gara eta geure hondar alea ipini nahi dugu». Taldea indarberrituta dator. Miren Gaztañaga kantaria da fitxatze berria. «Antzerki mundutik nator aurkeztu zuen bere burua. Antzerkiola Imaginarioan ‘Ezekiel’ oholtzaratu genuen, Sagarroiren musika lagun genuela. Nik lan hartan kantatzen nuen. Iñigori gustatu, antzerki lan hartatik kanpo ere haiekin aritzeko proposatu eta onartu egin nuen». Beraz, Gaztañagak osatzen du orain Sagarroi, Muguruza (gitarra eta ahotsa), Ituarte (tronboia eta teklatuak), Gorka Baskaran (bateria, perkusioa) eta Carlos Zubikoarekin (baxua) batean. Bada taldeko seigarren kidetzat jotzen duten pertsona bat ere: Kaki Arkarazo, Andoaingo Garate estudioan diskoaren nahasketak egin dituena.
Amparanoia, Sarri, Egaña... Horretaz gain, kolaboratzaile onak izan dituzte: Amparanoia, “El Pisao” (gitarra flamenkoa), “El Puche” (kajoia eta txalo flamenkoak), The Solanos (trikitia, ahotsak, oihuak) eta Andoni Delirum Tremens taldekoa. Musika Sagarroiko kide guztien artean egin dute, eta hitzak, berriz, Muguruzarenak dira gehienak, baina horretan ere laguntzaile finak izan dituzte. Esaterako, “Sagarroiak” Sarrionandiarena da. «Taldeari izena ematen dion kanta hori ‘Meatzaldea’n grabatu genuen, baina hardcore moduan; oraingoan, reggae moduan kantatzen du Mirenek», ohartarazi zuen Muguruzak. Beste kanta bat Andoni Egañak idatzi du. Oteizaren “Siesta” eskulturaren gaineko istorio jostaria da. Pulpiño Viascon lagun galiziarrak “Ragga-Runba” egin du. Eta, bitxikeria gisa, hor da “Radiochango”, Interneten bidez osatu duten kanta. «Guk enbido egin eta erantzunekin ‘collage’ moduko bat egin dugu, hizkuntza desberdinetan».
Diskoan bideoklipa ere sartu dute, Oskar Benasek egindakoa. Den-dena Kataluniako Kasba Music etxeak argitaratu du.“Baleike” aurkezteko lau kontzertu egingo ditu Sagarroik abenduan. 8an Zegaman joko dute, Aitor Zabaletaren omenaldian; 16an, Urnietan, Saroben; 22an, Hendaian, Kanttun, eta 23an, azkenik, Ondarroako Kafe Antzokian.
|