Hamahiru urte zituela egin omen zen hevyaren zale.
Hamasei urterekin sortu zuen lehen taldea, Estigia, thrash metal estiloa lantzen
zuena. 1988an talde hori utzi eta sortu zuen Anestesia. Taldea sortu eta bi
urtera Fermin Muguruzak deitu zion, eta Negu Gorrietako gitarra-jotzaile izan
zen, baina Anestesia utzi gabe. Anestesiarekin partekatuz, 2000tik aurrera
Kuraian ere badabil. Baina Anestesia izan da, noski, biziraupen handien erakutsi
duena. Lau urteko isilaldiaren ondoren, beste disko batekin agertu dira. Gaur
egingo dute aurkezpena Zarautzen, beren herrian.
Zenbatgarren lana du Anestesiak «Terapia» izeneko hau?
Bi maketa atera genituen, eta hau izango da bosgarren disko luzea.
Disko honetan Anestesiaren hasierako hotsera itzuli zaretela esan duzue.
Ohartu gara gaurko joera berriek ez dutela eragin handia izan gure musika egiteko moduan. Iturri zaharretik edaten dugu oraindik. 80ko hamarkadakoak gara. Orduan hasi ginen musika egiten, eta urte haietako eraginak ditugu bizien.Ezer berririk eskaini al zuen Anestesiak
orduko panoraman?
Nik uste dut baietz. Uste dut bakarrak izan ginela eta izaten jarraitzen dugula, gaur gehiago agian orduan baino, talde gutxik uztartzen zituzten estiloak uztartu izan ditugulako. Hardcorea eta thrash metala bi bidetatik ibili izan dira, eta gu biak nahasten saiatu ginen. Saio batzuk egin izan dira nazioartean, baina gutxi dira talde horiek, eta guk saio bat egin genuen Euskal Herrian. Bi estilo horietatik asko hartu dugu; asko edan dugu eta nahasketa berezi hori egiten jarraitzen dugu disko honetan ere.
Zer jarri duzu zuk disko honetan eta zer
jarri du taldeak?
Argi dago Anestesia proiektu pertsonal moduan hartu izan dudala beti. Nire espresiorik naturalena eta gordinena izan da. Nik musika egiteko orduan munduari esan nahi diodana bideratzeko erabili dudan tresna izan da talde hau. Beste taldeetan ere gustura ibili izan naiz, beste batzuen itzalean. Zeregin hori ere gustatzen zait, taldearen gidaritza beste norbaitek daramala, ni musikaz bakarrik arduratzea. Baina Anestesia sentitzen dut neureen.
Anestesiak komertzialki zer merkatu
du?
Zirkuitu ofizialak oso eraturik daude Euskal Herrian. Talde batzuek irratietan sarbidea dute eta beste batzuek ez. Gaur egun, Euskal Herrian gurea bezalako musikak oso leku txikia du irrati ofizialetan. Orain artean diskoak atera ditugun diskoetxeko talde guztiek zuten debeku moduko bat leku horietan. Guk, hala ere, sarbide pixka bat beti izan dugu. Gure abesteko modua bortitza eta gogorra delako gertatzen da hori. Euskadi Gaztean oso garbi esaten ziguten bere garaian atera egiten ginela beren parametroetatik.
Zuzenekoa geratzen zaizue,
ondorioz?
Horixe izan da gure terrenoa. Gaur egun, gainera, dagoen pirateoa, Interneta eta industriarekin dauden arazoak kontuan izanda, zuzenekoa da bidea. Bestalde, zuzenekoetan ez dago iruzurrik. Guk egiten dugunaren adierazpen benetakoena da zuzenekoa.
Zein zarete orain taldean?
Lau gara. Baxu-jotzaileak utzi zuen eta hasierako baxu-jotzailea, Dani, itzuli egin da. Beloki dago baterian, ni aritzen naiz gitarrarekin eta Ibon abesten.
Nolakoa da diskoa?
Oso disko zuzena da musika aldetik, eta, abestiak askotan irekiak diren arren, badute zerbait gogorra, gonbitoka eginez bezala sortuak direlako, irten beharrean zeuden sentimenduen adierazpen direlako, amorruarekin lotuak, edo egonezinarekin. Beti izan da horrela, eta horrela da disko honetan ere. Baina diskoa zuzena eta sinplea da, filigrana handirik gabea.
Zein emanaldi dituzue egunotan?
Gaur joko dugu Zarauzko gaztetxean; hilaren 24an Tolosan izango gara; abenduaren 5ean, Orion; 16an, Durangoko Plateruenan; eta 23an, Ezpeletan. -