Kepa ALTONAGA | «Etxepare Aldudeko medikua» liburuaren idazlea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea
«Idazle guztiak atzera begira zeudenean Jean Etxepare aurrera begira zegoen»
Iganderako Etxepare Eguna antolatu du Alduden Eskualtzaleen Biltzarrak. Jean Exepare hobeto ezagutarazteko, hari buruz laster argitaratuko duten “Etxepare Aldudeko medikua” liburua idatzi du Kepa Altonagak, eta hura gonbidatu dute hitzaldi bat eman dezan.
Zer zuen berezi Jean Etxeparek?
Niretzat aurkikuntza izan zen Villasanteren "Historia de la literatura vasca" irakurtzean; izan ere, han denak dira fraide, apaiz eta elizako jendea, eta bera laiko gutxienetariko bat zen. Hori interesgarria iruditu zitzaidan. Gero, testuak irakurri ditudanean, eboluzionista zela ikusi dut, modernotasuna bazeukala, eta niretzat oso interesgarria izan da. Euskaldun baten ikuspegitik Etxepare oso interesgarria da idazle apartekoa zelako eta idazle modernoa zelako. Euskal Herrian idazle guztiak atzera begira zeudenean Jean Etxepare aurrera begira zegoen.
Zerk bultzatu zintuen liburua idaztera?
Idazle moduan interesgarria zela ikusi nuen, baina niretzat, biologo naizen neurrian, interesgarria zen hainbat ideiak, eboluzionismoarenak eta beste hainbatek, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen lehen laurdenean Euskal Herrian zer-nolako sarrera izan zuten ikusteko. Protagonista ona neukan giro horretan sartzeko, eta Etxepareren haritik beste hainbat kontu aipatzeko.
Zeintzuk dira beste hari horiek?
Nagusiki, badu alderdi laikoa, eta antiklerikala ere bai, baina guztiz murgilduta dago orduko Euskal Herri hiper katolikoan. Ez zen kanpotar bat; hor, gune-gunean, murgilduta zegoen. Gune horretan, kanpoko ideiak ekartzen ahalegindu zen. Eboluzionismoaren teoria edo filosofian Durheim edo Nietzsche autoreak puri-purian zeuden, eta Etxepareren luman agertzen dira Pio Barojaren luman egin baino lehenago, esate baterako.
Eskualtzaleen Biltzarreko presidente ere izan zen Jean Etxepare.
Hori da ezagutzen den gauzetako bat, hura izan baitzen Biltzarrak izan duen presidenterik ezagunena. Baina, bestetik, ikertzen ari nintzenean ikusi nuen, esaterako, 1920. urtean Resurreccion Maria Azkuek proposatu ziola euskaltzain izatea. Urte horretan Piarres buruzagia hil zen, eta haren hutsunea betetzea Jean Etxepareri proposatu zion. Azkenean, Georges Lacombe sartu zen euskaltzain, baina lehen, proposamena Etxepareri egin zioten.
Zer erakusten digu Etxepareren ibilbideak?
Gure herriaren gune-gunean izan zela erakusten digu, bai eta gunean ere bakartuta izan zaitezkeela, bakardade intelektualik gordinenean. Oso berriztatzailea eta iraultzailea izan zen; eskandalua sortu zuen lehendabiziko eta bigarren liburuekin. Baina gero, bere albazea intelektual Piarres Laffitek, nire ustez, Etxepareren irudi distortsionatua eman zuen, irudi interesatua. -
|