GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-11-18
«Kontu-jaten» aritu zaie Arantxa Iturbe adineko amonei
·Laurogei urte inguruko emakumeen testigantzak bildu eta ipuinekin osatu ditu

«Kontu-jaten» da Arantxa Iturbek Alberdaniaren eskutik argitaratu berri duen liburuaren izenburua. Izan ere, azkenaldion edadeko hainbat emakumeri kontu-jaten aritu zaie, eta horren ondorio dira orain plazaratu dituen testuak. Memoria historikoa aipatzen denean ere, ahantzirik geratu ohi diren emakumeen testigantzak jaso nahi izan ditu Iturbek, kazetari-senari jarraituz. Baina literaturgilea ere bada, eta hori ezinbestean islatu du.

DONOSTIA

Helduek, hizketan ari direla, haurren bat adi-adi sumatzen badute, kargu hartu ohi diote: «Ari zara, ba, orain ere kontu-jaten». Bada, kontu-jatearen ondorio da liburua.

Tolosan bizi da Iturbe. Hiribildua sortu zuteneko 750. urtemuga dela-eta, «zerbait» egitea proposatu zioten. «Memoria historikoaz hainbeste hitz egiten den honetan, letra handiz idazten ez duten testigantzen falta nabaria da», esan zuen atzo idazleak. «Esaterako ­jarraitu zuen­, senarra gerran galdu eta etxean bakarrik geratu zen emakumearena, umea gosez hil zitzaionarena edo sexu harremanak izateko ere apaizari baimena eskatu behar zionarena. Beraz, itzalean dauden edadeko emakumeei beren bizitzaz galdetzea eta nire erara kontatzea proposatu nuen». Alabaina, antzeko langintzan Okupgraf taldea zebilela ohartarazi zioten. Edadeko hainbat pertsonaren testigantzak bideoan grabatzen ari da. Orduan, grabatutako guztien artean, 80 urteren bueltan dauden dozena bat emakumeren lekukotzak aukeratu eta horien gainean lanean hasi zen Arantxa Iturbe.

Tolosako eta edonongoak

Testigantzak DVDetan zeuden bilduta; batez beste, 30 ordu. Hori, alde batetik, abantaila zen, lana hein handi batean aurreratuta zegoelako. Bestetik, baina, arazo bat zegoen, galderak eta erantzunak eginda zeudelako. Hots, Iturbek ezin zuen galdera berri baten bidez emakume horien adierazpen jakin baten edo isilune baten atzean zegokeena arakatu. Beraz, «kontu-jatea» baino ez zitzaion geratzen, alde batetik, eta, bestetik, isilune-edo horien atzean egon zitezkeen istorioak asmatzea. Horixe egin du: emakume bakoitzaren lekukotza islatu du eta, ondoren, ipuintxo bat gehitu. «Saiatu naiz kontatzen duten horri leial izaten, neure erara, baina», nabarmendu nahi izan zuen Iturbek.

Lekukotasuna ematen duten emakumeak Tolosakoak dira, baina edonongoak izan zitezkeen. Izen-abizenaz identifikatu beharra ere ez du egileak sentitu. «Guztiak honela hasten dira: ‘Zer jakin nahi duzu? Nik ez daukat zer kontaturik’. Izan ere, beren bizitzak interesik ez duela uste dute. Benetan gauza garrantzitsuak kontatzen dituzte, ordea. Esperientzia atsegina, hunkigarria, harrigarria ere ­irribarrez kontatzen baitute sarri gogor baino gogorragoa izan duten bizimodua­ eta aberasgarria», esan zuen Iturbek.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
En Urbina están «hartos» de tanta presencia policial
Mundua
Bozak aise irabazi ostean, «aldaketa» agindu dio Segolene Royal-ek PS alderdiari
Euskal Herria
«Las soluciones de hoy deben garantizar que todos los proyectos sean realizables mañana»
Jendartea
Milaka lagunek hartu zuten parte Ikasleen Egunean
Ekonomia
Agua, sol y madera, ejes del Salón sobre Energía y Ecoconstrucción de Maule
Euskal Herria
Udalbiltza responde hoy en Beasain al veto de la Audiencia Nacional
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss