Ikasleen Nazioarteko Eguna, borroka eguna
Atzo eta herenegun Euskal Herri guztian zehar izan ziren mobilizazioek Ikasleen Nazioarteko Eguna aldarrikapen eguna dela adierazi zuten; borroka eguna, Pragako ikasleak nazien kontra matxinatu ziren 1939ko azaroaren 17 hura bezala. Europa osoan ere mobilizazio ugari izan da, Europako Ikasleen Foroa lekuko, azken garaian Bolognako prozesuaren kontra, ikasleen hitzetan hezkuntza ereduaren merkantilizazioaren kontra.
Euskal Herrian esangura propioa hartzen du borroka horrek. Bertako unibertsitateek, modu leunagoan eta nabarmenagoan, oraindik ez dute ikasgai ez ikasketa guztiak euskaraz egiteko eskubidea ere bermatzen. Baina euskararen inguruko arazoa, hala nola adierazpen askatasuna, greba askatasuna eta beste hainbat eskubideren urraketak, gizarte eredu inposatu baten araberakoak, ez dira unibertsitate ikasketetara mugatzen, irakaskuntza ertaineko ikastetxeetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere nabari baitira horiek guztiak.
Gaur egun bi curriculum diseinu izanda, ez bata frantsesa ez bestea espainola ez dira euskaldunak, eta Europakoa hirugarrena litzateke, egungo egoera kaskarra konpondu beharrean okertu egingo lukeena. Bolognako prozesua garai neoliberalak hezkuntzan duen isla da. Eta oinarrizko eskubide bat urratzen du; hezkuntza eskubidea, hain zuzen. Horrekin batera, eskubide kulturalei, hizkuntzakoei eta demokratikoei erasoa da. Izan ere, ez du hezkuntza herritar guztien eskubide gisa aintzat hartzen, kalitatea ez du lehenesteko faktorea, pribatizaziora jotzen du eta, hartara, goi ikasketak elite dirudunari zuzenduta daude. Nolanahi ere, «aditu» ekonomikoek ongi asko dakite ez direla tituludun langile asko behar, langile «malguak» baizik; hots, batetik bestera ibiltzeko prest daudenak. Prozesu horren izaera demokratikoari dagokionez, ez du ikaslea aintzat hartzen. Paper guztiz pasiboa esleitzen dio, inola ere hezkuntza prozesuaren subjektu izan gabe.
Dudarik gabe, alde positiborik ere badu eta, jakina, kontuan izan beharrekoak; hala nola, hainbat hobekuntza pedagogia arloan. Nolanahi ere, ezinbestekoa da horren guztiaren gaineko eztabaida, denen arteko eztabaida: Bolognako prozesuak aldarrikatzen duen eredua abian jarri edo Euskal Herriak behar duen unibertsitateak nolakoa izan behar duen. Eredu horrek denen arteko akordioa izan beharko luke-eta. -
|