Maite Ugartemendia - Segiko kidea
Segi borrokan, segi antolakuntzan
Garai itxaropentsu bezain gogorrak bizi ditu gure herriak. Urte asko daramatzagu borrokan herri honek hain beharrezkoak dituen independentzia eta sozialismoaren bidean eta argi dago urte hauetan guztietan egindako lanak ekarri gaituela gaur egun bizi dugun memento politikora. Egun, aukera errealak daude hainbeste urtetako sufrikarioa amaitzeko, hainbeste urtetan herri honek bizi izan duen zapalkuntza egoera amaitzeko eta justizian oinarritutako herri aske bat eraikitzeko, baina arduraz jokatzea eskatzen duen memento honetan inoiz baino bortitzagoak dira ezker abertzalearen eta Euskal Herriaren aurkako erasoak. Ezker abertzaleak gatazka politikoa konpontzeko borondate guztia azaltzen duen bitartean, gobernu espainol zein frantsesak errepresioa besterik ez darabilte euren agenda politikoan.
Azken hilabeteei begirada azkar bat ematea besterik ez dago horretaz jabetzeko: ezker abertzaleak deitzen dituen mobilizazio guztiak debekatzen edo mehatxatzen dituzte, ehun herriko tabernatik gora miatu dituzte, presoen bizi baldintzak inoiz baino latzagoak dira, bizi osorako espetxe zigorrak, gaixotasun larriak dituzten presoak ez kaleratzea, Iñaki De Juanaren duintasun gose greba, ehunka euskal herritar epaiketen zain daude, 18/98 makrosumarioaŠ orri batean laburbildu ezin daitekeen zerrenda amaigabea. Eta horri guztiari Segi gazte erakundearen aurkako azken oldartzea batu behar diogu.
Hurrengo asteetan, Segi gazte erakundearen jarduera politikoa epaitu ondoren, epai definitiboa kaleratuko du Auzitegi Gorenak. Gure herrian arrotza den epaitegi batek proiektu politiko oso bat epaituko du, independentzia eta sozialismoa epaituko du, Euskal Herriko herri eta auzoetan egiten den lana epaituko du. Eta zergatik? Oraingo honetan oso ongi ulertu dituztelako prozesuaren nondik norakoak. Estatuek oso argi dute ezker abertzaleak gatazkaren konponbiderako gako nagusiak diren lurraldetasuna eta autodeterminazioa gizarteratzea lortu duela eta etorkizunean ere independentziaren aldeko aldarria nagusitzea lortuko duela, eta horregatik ari dira bideratzen ezker abertzalearen aurkako ofentsiba hori guztia. Estatuek ahal duten guztia egingo dute ezker abertzalearen posizioa ahultzeko eta prozesu demokratikoan ezinbesteko papera jokatu ez dezan, eta testuinguru honetan kokatu beharko dugu Segi «asociación terrorista» izendatu nahi izatea.
Baina herri baten eskubideen defentsan lan egitea, proiektu politiko baten alde lan egitea terrorismoa bada, nola deitu estatu espainol zein frantsesak egiten duten horri? Estatuak dira gazteon artean terrorismoa zabaltzen dutenak. Estatuak dira oinarrizko eskubideak errespetatzen ez dituztenak, herri hau autonomi erkidegotan edo administrazioetan zatitzen dutenak, hizkuntza eskubideak errespetatzen ez dituztenak, eduki arrotzak irakastera behartzen gaituztenak, emakumeen aurkako indarkeria ahalbidetzen dutenak ezarri nahi diguten sistema patriarkalaren ondorioz, lan baldintza prekarioak inposatzen dizkigutenak bultzatzen duten eredu neoliberalaren bidezŠ finean, estatuak dira herri honen aurkako kolonizazioa garatzen dutenak, eta gainera pentsatzen dute zilegitasuna dutela herri oso bat epaitzeko.
Segi proiektu politiko baten alde lan egiten duen gazte erakundea da. Justizian oinarritutako gizarte eredu baten alde lan egiten duen erakundea da. Euskal Herriko herri eta auzoetan egiten den eguneroko borro- karen bidez herri hau eraikitzen duen erakundea da. Segik gazteon arazoei, gazteon problematikari erantzuten dio. Gazteok kolektibo bezala hain beharrezkoak ditugun gazte espazioen alde lan egiten du, etxebizitza eskubidearen alde lan egiten du, prekarietatearen aurka eta lan baldintza duinen alde lan egiten du, gure herrian edu- ki euskaldunak irakats daitezen lan egiten duŠ finean, zapalkuntzaren aurka eta justiziaren alde lan egiten duen erakundea da Segi. Horregatik esan nahi dugu estatu espainola zein frantsesa direla terroristak gure herrian. Beraiek dira gure herria zapaltzen dutenak eta guri askatasunez erabakitzen uzten ez digutenak, euskal herritarrak atxilotzen dituztenak, manifestazioak debekatzen dituztenak, langileen esplota- zioa baimendu eta bermatzen dutenak...
Baina gaur, gatazka politikoaren irtenbidea posible da. Estatu espainol zein frantsesaren esku dago hori horrela izatea edo ez. Ezker aber- tzaleak duen guztia jarri du mahai gainean eta orain estatuei dagokie urratsak egitea. Hortik aurrera ezker abertzaleari egiten zaion eskakizun orok oinarrizko eztabaida desitxuratzea bes- terik ez du helburu. Memento hauetan estatuek dute erantzukizuna prozesu demokratikoak aurrera egin dezan eta horretarako erasoak eten eta herri honi dagozkion minimo demokratikoak errespetatzea dagokie, bestela ezinezkoa baita prozesu demokratiko bat aurrera eramatea. Ezinezkoa da aurrera egitea ilegalizazio estrategiak indarrean jarraitzen duen artean, euskal herritarrak atxilotzen dituzten artean... erasoak mantentzen diren artean, horregatik estatuek arduraz jokatu behar dute eta minimo demokratikoak errespetatu.
Eta hori lortzeko aukera bakarra borrokari bide ematea da. Borrokak ekarri gaitu honaino eta borrokak eramango gaitu garaipenera. Herriak izan behar du, herri presioaren bidez, estatuei argi eta garbi adierazi behar diena ez dagoela ados ematen ari diren era- so guztiekin, ez dagoela ados Segiren aurkako epaiketarekin. Herria da estatuen jarrera alda dezakeen subjektu bakarra eta herri haserrearen bidez lortuko da egoera hau desblokeatzea eta prozesu demokratikoak aurrera egitea.
Horregatik inoiz baino indar handiagoarekin atera behar dugu kalera. Segik inoiz baino determinazio eta indar handiagoarekin jarraituko du independentzia eta sozialismoaren alde lanean, auzoetan, ikastetxeetan, lantokietan... herri hau eraikitzen eta injustizia ororen aurka borrokatzen, antolakuntza eta borrokarako ateak zabaltzen eta ahalik eta lan gehien egiten hainbeste urtetan luzatu den gatazka behin betiko amaitzeko eta justizian oinarritutako herri aske bat eraikitzeko. Baina horretarako herriaren indarra, herriaren haserrea behar-beharrezkoa izango da. Hurrengo egunetan hainbat mobilizazio egongo dira Segiren aurkako epaia eta herri honek pairatzen dituen bestelako erasoak salatzeko, eta behar-beharrezkoa izango da guztion parte hartzea. Guz- tioi egokituko zaigu arduraz jokatzea eta babesa adieraztea herri honen alde lan egiten duten horiei, eta hori izango da bermerik eraginkorrena prozesua benetan atzeraezina izan dadin. Etsaiak etengabean saiatuko dira prozesua desitxuratzen eta bestelako parametroetan kokatzen, baina benetako arazoa lurraldetasun eta erabakitzeko eskubidearen korapiloa askatzean datza eta norabide horretan batu beharko ditugu indarrak. -
|