ZARAUTZ
Zarauzko ezker abertzaleko hainbat kidek agerraldia egin zuten atzo arratsaldean «azken eraso errepresiboak» salatu eta prozesuarekiko prestutasuna azaltzeko helburuarekin.
Duela hiru aste, Auzitegi Gorenak aginduta, Arrano tabernan sartu zen Guardia Zibila «inbentarioa» egiteko. Handik egun batzuetara, Udalak EAren eskuetan salatu zuen Arranon herriko zinegotziei eta zenbait udaltzaini buruzko datu pertsonalak jasotzen zituzten ustezko zerrenda batzuk aurkitu zituztela. Guardia Zibilak hala jakinarazi ziola esan zuen alkatetzak, eta elkarretaratze bat antolatu zuen. Salaketa horrek zalaparta handia sortu zuen hedabideetan.
Atzoko agerraldian nabarmendu zutenez, miaketa horrekin ezker abertzalearen «aurkako eraso bat»ipini zuten martxan. «PSOEren eskutik, prozesuaren kontra eta bere bultzatzaile nagusi den ezker abertza- learen aurkako beste eraso bat izan zen», berretsi zuten.
Abian jarritako «kriminalizazio kanpaina» ere nabarmendu zuten. «Oraindik bere horretan mantentzen dute, orain Auzitegi Nazionalaren mehatxupean», gaineratu zuten.
Bilboko gertakarien ondotik, izan ere, lekukoen testigantzek hankaz gora ipini zuten bertsio ofiziala, «urduritasun handiagoa» sortu dietela ohartarazi zuten. «Argi geratu da-eta, edozein momentutan, gure herrian inpunitate osoz eta ustezko ‘zerrenda mehatxatzaileen’ aitzakiapean atxilotuak eta auzipetuak izan gaitezkeela».
Haien hitzetan, azken gertaera horiek «desitxuratuta», PSOEren eta EAJren «inmobilismo politikoa estali eta ezker abertzalea prozesua oztopatzearen erantzule» egin nahi dute. Alde horretatik, EAko jarrera kritikatu zuten. «Euskal Herrian ematen duen itxuraren aldean, Zarautzen prozesuaren aldeko edozein mugimenduri trabak jartzen dizkiote. Hau al da behar den ardura politikoa?», galdetu zuten.
Hauteskundeak direla-eta, «talde politikoak posizioak hartzen hasi dira, baina horretarako unea ez dela nabarmendu nahi dugu; izan ere, konponbidearen aldeko lana egiteko garaia da», helerazi zuten.
PSOEri «errepresioa alde batera utz» dezala exijitu zioten; eta EAJri eta EAri, berriz, ez ditzatela «errepresio dinamikak babestu eta herritik bertatik prozesuaren alde lanean» has daitezela eskatu zieten.
Euskal Herriak «hitza eta erabakia eskuratu arte, eta iheslari eta preso politikoak etxean izan arte» lanean jarraituko dutela adierazi zuten. Autodeterminazioaren aldeko kanpainarekin bat egin zuten.