DONOSTIA
«Euskal Herriari xantaiarik ez. Ińaki askatu orain». Horixe izan zen PSEren egoitza au- rrean egindako elkarretaratzearen leloa. Bertan, Askatasunak urrian abiatutako gose-greba ibiltariaren testigua hartu duten kideak egon ziren. Haien izenean, Juan Mari Olano Askatasuneko eledunak hartu zuen hitza.Lehenik eta behin, PSEko, PSNko eta PSFko boz-emaileei zuzendu zitzaien, eta haien «konpromisoa» eskatu zuen, «guztien artean prozesuak aurrera egiteko beharrezkoak diren baldintza demokratikoak eraikitzeko». «Indarkeria adierazpen guztiak» desagertzeko, «guztien arteko lana» ezinbestekotzat jo zuen. Era horretan, Askatasunak beste behin elkarlanerako gonbidapena egin zien PSEko, PSNko eta PSFko hautesleei.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernu espainolera iritsi zenetik espetxe politikak «atzeranzko aldaketa» izan duela adierazi zuen. Gainera, «bihozberatasunik ere» ez duela esan zuen Olanok preso gaixoen egoera gogora ekarriz.
Kontzientzia presoa
Ińaki de Juanaren inguruko adierazpenak ere egin zituen Olanok. De Juana «kontzientzia presoa» dela nabarmendu zuen eta «adierazpen askatasuna erabiltzeagatik» zigortu dutela gogor gaitzetsi zuen Askatasuneko eledunak.De Juana egiten ari den gose-greba mugagabea uzteko deia ez dutela egingo azaldu zuen, eta «euskal gizarte osoak bere askatasuna eskuratzea» dela arazo horren irtenbide bakarra deritzo Olanok. Haren aburuz, Gobernu espainolak «bulkada politikoarekin» sumarioa ireki zuen bezala, bertan behera utz dezake.
Estatu espainoleko Auzitegi Nazionala eta Estatu frantseseko 14. sekzioa «indargabetzeko» eskaera egin zuen Juan Mari Olanok. Haren aburuz, bi epaitegi horiek «era guztiz okerrean eragiten diote Euskal Herriko egoera politiko eta sozialari», eta abian den prozesua garatzea eragozten dutela uste du Juan Mari Olanok.
Askatasuneko eledunak adierazi zuen legeak gizartearen zerbitzura egon behar duela, eta horrela izanik, 18/98 makroepaiketa eta ilegalizazio estrategia alboratu beharreko elementutzat jo zituen.
Bihar bukatuko da Hernaniko gose-greba, eta ondoren Soraluzek hartuko du presoen eskubideen aldeko testigua, boskarren txanda abiatuz.