Ukanek kutsatzen dituen «balio osasungarriekiko konpromisoa» sarituko dute
·Aurkene Iturriotzek, Beatriz Garciak, Miguel Fuentesek, Carlos Ruizek eta Txaro Arteagak bat egin dute
DONOSTIA
«Duela astebete aurkeztu ziguten Ukan, bizikidetzaren birus miresgarria. ‘Nola liteke?’, galdetzen nion behin eta berriz neure buruari. ‘Euskararekiko jarrera hobetzen duen birus bat? Bizikidetzaren aldeko eragina duen birus bat?’ Kazetari lagunekin harremanetan jarri nintzen berehala, kontu horretaz zekitenaz galdetzeko», adierazi zuen Aurkene Iturriotz kazetariak. «Kutsatuta dauden euskal herritarren kopurua gora doa egunetik egunera», gaineratu zuen Iturriotzek.
Atzoko agerraldian, Gasteizko epaitegian epaile lanak egiten dituen Beatriz Garciak, Realeko presidente Miguel Fuen- tesek, Kutxako Giza Baliabideen zuzendari Carlos Ruizek eta Emakundeko zuzendari ohi Txaro Arteagak iragarri zuten Lakuako Gobernuaren Kultura Sailak elebitasuna sustatzeko zabaldu duen Ukan birusak kutsatu dituela.
«Kutsatu nauela jakin dudanetik hobeto ulertzen dut haren eraginak bizikidetzari egiten dion mesedea. Euskaldun berriok ahalegina egin dugu gure gizartearen errealitatera hobeto egokitzeko. Ekin, ukan, ekin!», esan zuen Garciak. Miguel Fuentesek zera gaineratu zuen: «Kirolariok esker onez jasotzen dugu eta orain badakigu haren eragina dagoela euskararen eta kirolaren arteko aspaldiko lotura estuaren oinarrian».
«Euskaldun berri naizen aldetik, poz handiz aitortzen dut Ukanek nire bizimodua aberastu egin duela, eskura jarri baitit mundu ikuskera oso bat. Nigan izan duen eragina zabal dezan opat diot nire adiskide berriari», aitortu zuen Ruizek. Bukatzeko, Txaro Arteagari agerraldiaren «sorpresa» iragartzea egokitu zitzaion, hots, Ukan saria. Birusak kutsatzen dituen «balio osasungarriekiko konpromisoa» txalotuko du.
Euskararen sustapenean eta «bizikidetzaren» alorrean norbanako zein kolektiboek azaldutako inplikazioa baloratuko dute. Saria, Ramon Ruiz Cabes- tany zeramikariaren lan bat, lehendakariak banatuko du Euskararen Nazioarteko Egunean.
|