Biarritzek bigarren postura igotzeko aukera dauka
·Lapurtarrek Clermonten zelaian jokatu beharko dute
BAIONA
Partida handia izango da gaur Clermonten, bertako taldea eta Biarritz neurtuko baitira, 15.10ean. Top 14ko bigarren sailkatua hirugarrengoaren aurka arituko da. Partida hori Estatu frantseseko Canal + telebista kateak zuzenean emango du.
Biarritzi etxetik at puntuak pilatzea asko ari zaio kostatzen. Gaur aukera ederra du bolada hori amaitutzat emateko eta sailkapenean postu bat gora egiteko.
Berriro ere hainbat selekziok partidak dituzte gaur, eta bi taldeak izango dira hutsuneekin. Hala ere, Clermonten Biarritzen baino jokalari garrantzitsu gehiago faltako dira.
Biarritzi dagokionez, Yachvili, Betsen eta Traille selekzio frantsesarekin daude bilduta, eta jokatzeko moduan ez dauden besteak Hall, Thion, Carizza eta Gaitan dira, guztiak ere min hartuta baitaude.
Taldera itzuliko diren jokalariak ere garrantzitsuak izango dira. Balan, Gobelet, Harinordoki eta Malonga itzuliko baitira berriro ere taldera, eta horien parte-hartzea nabaritu beharko luke talde zuri-gorriak. Dena dela, ez dirudi Balan errumaniarra hasierako hamabostekoan izango denik, nahiz eta azken ordura arte itxaron beharko den. Clermonten hutsune dezente dira, selekzioetan bilduta daudelako. Rougaire, Vermeulen, Jacquet, Scelzo, Ledesma, Longo, Bai eta Canale ez dira jokatzeko moduan.
Azken orduko aldaketarik ez bada, honako hau izango da Biarritzen hamabostekoa: Lealamanua, August, Avril, Carpentier, Couzinet, Dridi, Harinordoki, Noirot, Dupuy, Peyrelongue, Bobo, Cabannes, Lison, Bidabe eta Brusque.
Hori baieztatzen bada, beste hauek geratuko dira aulkian: Balan, Lecouls, Moala, Padro, Malonga, Dambielle eta Bisoch.
|