- Zaldi-mando probak
Aiako apustua dela-eta, Urkiagak gauzak argitu nahi ditu
DONOSTIA
Orain dela ia bi hilabete Aian jokatu zuten zaldi-mando apustuaren kontuak oraindik ez dira isildu. Orduan, Olarrearen eta Urkiagaren abereak neurtu ziren. Olarrearenak irabazi zuen, baina amaitu ostean, harriaren azpialdea manipulatuta zegoela ikusi zuten. Horrela zela onartu zuten bai Aiako Udalak bai Gipuzkoako Federazioak.
Urkiagak, apustu hartan parte hartu zuenak, eskutitz hau bidali dio GARARI: «Egunkari honen bidez, Aiako Udaleko agintari guztiei dei egiten diet harria noiz nola, non eta nork manipulatu zuen jakiteko jardunbide guztiei ekiteko. Hori egin ezean, bai Aiako Udalak baita bertako probalekuak sinesgarritasun osoa galduko baitute, batez ere kontuan hartuz gero, Jose Luis Sarasola, Aiako Udaleko jarduneko alkatea, egun hartan epailea zela».
Horri guztiari zera erantsi nahi dio Mendexako probalariak: «Honek guztiak sinesgarritasun txikia ematen dio baita Gipuzkoako Federazioari ere. Nahiz eta egun hartan epaile zenak, eta gainera herriko alkate jardunean denak, harria manipulatuta zegoela onartu, ez duelako ezer egin epaile horren aurka, proba hura ontzat eman baitzuen. Ez du ezer egin ez eta proba hura baliogabe uzteko ere. Azkenik, ezin dugu esan barik utzi, herri kirolen munduan gabiltzanok badakigula aipaturiko proba hartan erabili zen harria, Aiako Udalarena dena, herritik kanpo eraman zutela proba eguna baino lehenago, eta norgehiagokaren berri eman eta gero». Eskutitza Joxemari Urkiagak sinatuta dator, eta amaieran garbi utzi nahi izan du egunkari honetara Juan Manuel Erasunek bidalitako eta bere garaian argitaratutako eskutitzean dioenarekin bat datorrela.
Idi-probak
Gaur, Marurin, Bizkaiko finalak jokatuko dituzte 17.00etan eta 22.00etan hasita. Herrialdeko probetan parte hartu duten uztarrien artean punturik gehien batutakoak dira. Intxortaren, Anitxu-Artadialderen, Txertudiren, Andrakasen eta Lopategiren uztarriak izango dira lehian.
|