DONIBANE GARAZI
Astelehenean abiatuko da Superprestigioa, eta aurten Ameriketatik etorriko dira berritasunak, bakarka jokatzen den lehiaketa garrantzitsu honetan Waltari kubatarra eta Loquillo mexikarra izango baitira.
EPB enpresa da lehiaketa honetako antolatzailea eta bere enpresako pilotariak izango dira lehian. Bi amerikarrekin unean uneko akordioak dituzte oraingoz, baina gerora ikusi beharko da zer gertatzen den. Waltarik Asperekin ere badu akordioa, baina EPBk eta Aspek pilotariak trukatzeko akordioak ere badituztenez, litekeena da bi enpresa horiekin jokatzen ikustea. Hala ere, horren inguruan oraindik ez dago ezer garbi.
Hala ere, Loquillo eta Waltari ez dira lehiaketan batera abiatuko. Mexikarrak aurrekanporaketa bat jokatu beharko du gutxienez, eta Waltari, berriz, bigarren fasean sartuko da txapelketan.
Astelehenean hasiko da lehen fasea eta 17.00etatik aurrera, Larretxea eta Idiart neurtuko dira. Horiek izango dira multzo batean, eta garaipena eskuratzen duenak bigarren aurrekanporaketa jokatu beharko du Sorhueten aurka, hilaren 27an. Hori gainditzen duenak izango du bigarren fasean sartzeko parada, eta han izango ditu itxaroten Etxeto, iazko irabazlea, eta Waltari.
Bigarren multzoa ere datorren astelehenean abiatuko da, eta hor ere bi aurrekanporaketa jokatu beharko dituzte. Lehen atarikoan Loquillok eta Kurutxarik jokatuko dute. Hori irabazten duenak hilaren 27an jokatu beharko du Ozafrainen aurka, eta aurrekanporaketa hori gainditzen duena bigarren fasean sartuko da, eta han izango ditu itxaroten Muskarditz eta Ezkurra II.a.
Faboritoei dagokienez, badirudi Ezkurra II.a eta Waltari direla, hori da behintzat gehienen ahotan dabilena. Hala ere, kontuan hartu beharrekoa izango da Thierry Etxeto ere. Horrek, ordea, finalean izateko, multzo berean duen kubatarra gainditu beharko du.
Ezkurrak, bere multzoan, Muskarditz izango du, eta ikusteko dago lehen fasetik zein sartuko den. Dena den, Urruñakoa da gaur egun berezkoetan dagoen onena, eta horretan inork ez du zalantzarik. Zale askoren nahia da lapurtarra eta kubatarra elkarren aurka ikustea, eta horretarako finala egokia litzateke, baina beti izaten dira ezusteak, eta baliteke abenduaren 31ko finalean inork uste ez duen norbait ere sartzea.