Aurrekoak gogoan izan ditu Montillak bere inbestiduran
·President berriak esan du beste inork baino lan gehiago egingo duela legealdian
Oso umil eta langile agertu da Kataluniako Parlamentuan, bere inbestidura hitzaldian, Jose Montilla president berria. Bera kargura eraman duen koalizioaren zilegitasuna babestu du, eta Maragall eta Pujol aurreko presidentak aipatu ditu, baten laguntza eta bestearen aholkuak izango dituelakoan.
BARTZELONA
PSCk, ERCk eta ICV-EUiAk osatu duten gehiengo «sendo eta egonkorra» babestu du Montillak bere inbestidura hitzaldian. Kataluniarrei agindu die «politika sozialari» emango diola lehentasuna, «identitate politikari» eman beharrean, eta CiUri elkarlanean aritzeko eskaintza egin dio.Jose Montillak inbestidura hitzaldian baieztatu duenez, kargua utziko duen Pasqual Maragall presidenta gogoan izango du Kataluniako politikan abiatu den «garai berrian» laguntza eman diezaion. Gainera, Jordi Pujol hogeita hiru urtez karguan egon zen presidenti «iritzia eta aholkua» eskatuko dizkiola jakinarazi du Andaluzian jaiotako presidentak. Jordi Pujolek «ekarpen bikaina» egin duela adierazi du Montillak ordu eta erdiko hitzaldian, bere bizitza osoan eman duen «garrantzitsuena», Kataluniako parlamentarien aurrean onartu duenez. Montillak Maragallen lana goraipatuz hasi du hitzaldia. Aurreko presidenta politikari «ezberdin, berezi eta bakartzat» jo du presidentetzarako hautagaiak. «Bideak ireki ditu beti, urrutira begiratzen, eta guztiok amestutako etorkizunera indarrez eta setaz bideratzen jakin du», adierazi du.
Maragall eta Mas
Maragallek udal politikan ekarri omen zuen «aldaketa» nabarmendu du Montillak, eta president izan zenean Katalunian egindako lana ere nabarmendu du. «Betiere bere idealak proiektu pertsonalaren gainetik jarri» dituela Maragallek esan du Montillak.Pujoli zuzendutako hitzak gozoak izan dira; Artur Mas CiUko buruari eskainitakoak gaziagoak ziren, ordea. PSCk, ERCk eta ICV-EUiAk osatu duten koalizioak abian jarriko dituen politikek «nortasunari buruzko mila hitzaldik baino mesede handiagoa egingo diotela abertzaletasunari» erantsi du, CiUko diputatuei begira. Hala ere, gaur president bihurtuko den PSCko politikariak eskua eskaini dio oposizioan egongo den talde garrantzitsuenari. «Erabaki handiak hartzeko garaian, nire Gobernuak kontuan izango du oposizioa», esan du.
|