- Lau eta erdia
Gaurko jaialdian ere nahiko lituzke Beotibarrek atzoko ikusle eta txaloak
·«Partida asko jokatu ditut ikusle askoz gutxiagorekin», aitortu zuen Barriolak Tolosan
TOLOSA
Gustura hartuko luke gaur gauerako Beotibarren bertan Aspek prestatutako jaialdiak hasteko Larralde eta Apezetxea lau eta erdian eta Chafee-Eulate/Berasaluze IX-Pascual partida nagusian atzoko pilota aukeraketan izandako ikusmina. Abel Barriolak berak zera aitortu zuen: «Partida asko jokatu ditut jende gutxiagorekin». Izan ere hirurehun zale baino gehiago joan ziren atzo Tolosako pilotalekura, baina ez hori bakarrik, materiala apartatu eta Juan Mari Juaristiren alboan ohiko argazkia ateratzea amaitu zutenean, tanto on askok izaten ez dituzten txaloak ere jaso zituzten igandean Lau eta erdirako finalerako txartela jokatuko duten bi pilotariek.Saltzeke atzo eguerdian geratzen ziren 100 sarrera eskasak denak goiko harmailetakoak, pilotalekuko ateak ireki aurretik kanpoan irrikaz batu zen jende andana edo enpresetako arduradunek pilotariek adierazpenak egiteko orduan babesleen izenak ikusteko jarritako oihala igandeko partidak sortutako interesaren beste hiru adibide esanguratsu baino ez dira. Egia esanda, pilota aukeraketak ez zuen askorako eman, bi protagonistek arazorik gabe aukeratu baitzituzten iganderako pilotak. Hori bai, gutxienez araudiak ahalbidetutako ia denbora guztia erabili zuten biek Barriolak Jokin Etxaniz lagun zuela eta Olaziola II.ak Salva Bergara eta bertaratutakoek ia ordu erdiko «ikuskizuna» izan zuten begien aurrean.
Olaizola, pilota biziagoak Espero bezala, Aspeko atzelariak pilota biziagoak aukeratu zituen, eta egungo txapeldunak, aldiz, mugitzea gehiago kostatzen zaien horietakoak. Ogetan Martinez de Irujoren pilota batez kexatu zen Aimar Olaizola, baina atzo ez zuen inolako arazorik izan arerioak hautatutakoekin. «Nire pilotekin oso gustura geratu naiz, beti hartzen ditudan pilota tipokoak izan dira, frontisetik gutxi ateratzen direnak, eta nik uste dut lurrean ondo ibiltzen direla. Bereak probatzeko aukera izan dut, eta nahikoa pilota politak dira. Nireak baino biziagoak, baina nik uste dut gehiegizkorik ez dela».
Ligaxkako azken jardunaldiko emaitzak alde batera utzita, pronostikoetan Aimar Olaizola irteten da faborito, ez baititu alferrik elkarren artean kaiolan jokatutako bost partidak irabazi. Hala ere, bietako inork ez dio garrantzia handirik ematen arlo horri. «Lehengoak nik behintzat ahaztuta ditut. Hori pasatu da, eta aurretik egindako gauzek ez didate ez partida irabaziarazi behar ez eta galdu ere, beraz, ni nire partida egitera irtengo naiz, eta beste gauzarik ez daukat buruan», azaldu zuen Leitzako atzelariak.Arerioaren azterketa egiteko eskatuta, Barriolak argi dauka Aimarrengandik gehien kezkatzen duena. «Iritsi den tokira buruz oso hotza delako iritsi da Aimar. Bestela ere kondizio eta errekurtso askoko pilotaria da, baina buruz beti hotza izan da, eta ziur ondo izango dela igandean. Ni ere une onean heldu naiz, eta nik nirea eta berak berea ematen badugu, partida gogorra ikus daitekeela uste dut». Elkar ondo ezagutzen duten bi pilotari dira Aimar eta Abel, eta Goizuetakoak espero zuen Leitzakoa aurten ondo aritzea. «Abel duela bi urteko pilotari handia da. Txapelketa hasieran esan nuen eskuek uzten bazioten goran izango zela, eta finalean sartzeko moduan da».
«Beti izan dut lesioa gainditzeko fedea»
TOLOSA Igandean edo finalean edozer gertatzen delarik ere, Abel Barriola berriro ere goi mailan ikustea izan da aurtengo Lau eta Erdiko gauzarik ederrenetakoa. Eskuetako minak medio, une oso latzak izan ditu Leitzakoak, baina osatutako txapelketa bikainak horiek guztiak atzean utzi dituela erakutsi dute. «Nik beti izan dut lesioa gainditzeko fede handia. Orain garrantzitsuena da une onean nagoela, eta Aimarri irabazteko dena eman behar izango dudala», aitortu zuen pilotariak atzoko aukeraketan. Igandeko emaitza alde batera utzita, Aspeko atzelaria gustura da orain arte osatutako lanarekin. «Titini irabazita beste sentsazio batzuk dituzu, eta moral handia ematen dizu. Hala ere, txapelketa hasi zenetik oso ondo aurkitu dut neure burua, baita Irujoren aurka galdu nuenean ere. Erregulartasuna izan da txapelketan izan dudan gauzarik onena», esan zuen. Ligaxkari buruz, aurtengoa aurrekoak baino hobea izan dela iritzi dio. «Lehen markagailuetako aldea handiagoa izaten zen eta Aimarrek errazago irabazten zuen. Aurten, aldiz, ez da hala izan».
|