Ereduen hezkuntza sistema baztertu eta D eredu trinkoagoaren aldeko deia
Donostiako Miramar Jauregian atzo hasi ziren hezkuntza arloko hainbat aditu eta interesatu biltzen dituen «Ikasle guztiak euskaldundu: nola?» izeneko jardunaldiak. Horien helburua, otsailean Lakuak aurkeztu behar duen ikastereduari buruzko zirriborroari bidea egin eta eztabaida bultzatzea. Hainbat txosten aurkeztu ondoren, atzoko ondorio nagusia izan zen gaur egungo eredu bidezko hezkuntza sistema agortuta dagoela eta D ereduaren alde egin behar dela.
DONOSTIA
Ekainean Kontseiluak euskalgintzako hezkuntza sektorearekin azaldutako txostenari jarraipena ematea da atzo Donostiako Miramar Jauregian hasi zituzten jardunaldien helburu nagusia. Izan ere, datorren otsailean Lakuako Gobernuak ikastereduei buruzko zirriborroa aurkeztu behar baitu, eta horren edukia osatzeko, Kontseiluak euskalgintza eta hezkuntzako hainbat sektoreren eta adituren ekarpenak jaso nahi ditu.
Atzoko saioak hiru zati nagusi izan zituen: alde batetik, Ludi Vigerak Kontseiluaren oinarrizko testua, jardunaldi hauetarako abiapuntua aurkeztu zuen. Jarraian, EHUko pedagogia katedradun Felix Etxebarriak auziaren alderdi soziolinguistiko, psikolinguistiko eta pedagogikoak azaldu zituen, eta horren ondotik, aditu, eragile eta gainerako parte hartzaileen ekarpenak jaso zituzten.
Atzoko azalpenetatik eta ondorengo eztabaidetatik atera daitekeen ondorio nagusia da ereduetan oinarritutako hezkuntza sistema egun «agortua» dagoela nahiz eta 70eko hamarkadan, sortu zenean, aurkeztutako hainbat arazori irtenbidea eman. Ondorio horre- tara iristeko, ordea, bakoitzak bere bidea jarraitu zuen.
Felix Etxebarria, esaterako, alor pedagogiko, psikolinguistiko eta soziolinguistikoetan oinarritu zen. Egungo ereduak ikasle guztien euskalduntzea bermatzen ez duela azaleratzen duten datuak aurkeztu eta gero, traba ez duela legediak jartzen azaldu zuen. Jarraian, herritarrek euskalgintzaren gainean duten motibazioa goraipatu eta euskal ikasleen kalifikazio onak nabarmendu zituen. Etorkinen eta gizarte zatiketaren auziak aipatu ostean, D eredu trinko eta bakarraren aldeko proposamena egin zuen.
Kontseiluak aurkeztutako testuan ere politika berria «behar-beharrezkoa» dela nabarmentzen da, tokiko administraziotik administrazio nagusi- raino doana, sektore eta sail artekoa, helburu eta epe zehatzekoa 5 urteko epea zehaztu zuten, baliabidez hornitua, ikuspegi osoa duena, eta abar.
Kataluniako murgiltze sistema eredutzat hartuta
DONOSTIA Felix Etxebarria txostena aurkezterakoan kanpoko beste eredu batzuei begira jarri zen. Hain zuzen, gurearekin alderatu eta hemen aplikatzeko egokiena zein litzatekeen hausnartu zuen. Kataluniako sistema izan zuen batez ere mintzagai; sistema horrek, aldi berean, Kanadako hezkuntzan du oinarria. Bertan murgiltze sistema barneratu zuten duela hogei bat urte, eta orain arte oso emaitza onak eman dituela azaldu zuen Etxebarriak. Legearen babesa ere badutela argitu zuen, hizkuntz politikako legeak hori bermatzen baitu 20. artikuluan ikastetxe guztiek katalana izango dute adierazpide arrunta eta 21.ean. Azken horretan, hainbat artikuluk egiten diote aipamen: lehenak unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan katalana erabili beharko da komunikazio eta ikaskuntza hizkuntza gisa eta 3.ak derrigorrezko hezkuntza amaitzean haur guztiek bi hizkuntza ofizialak normaltasunez eta modu egokian erabili beharko dituzte, besteak beste.
|