GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-11-24
Panderoaren inguruan egingo dituzte Herri Musikaren bosgarren topaketak
Herri musikan presentzia eta pisu handia duen panderoaren edo panderetaren gainean arituko dira Herri Musikaren bosgarren jardunaldietan. Bihar eta igandean hartuko du hitzordua Oiartzunek, eta antolakuntza lanetan elkarlanean aritu dira Herri Musikaren Txokoa, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea eta Pontevedrako kontserbatorio ezagun bat.

DONOSTIA

Juan Mari Beltran Herri Musikaren Txokoaren zuzendaria Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko ordezkari Alaitz Telletxearekin eta Imanol Urkizurekin batera aritu zen asteazkenean topaketen berri ematen.

Hala, jardunaldiak berak gidatzen duen elkarteak sortu zituela gogorarazi zuen. «Hasieratik argi genuen halako istorioetan bakar-bakarrik sartzeko, halako egitasmoak aurrera eramateko, handiegiak zirela guretzat. Horregatik, gai bat hartu eta horren inguruan dauden beste erakunde, talde edo elkarteekin batera antolatu izan dira orain arte», esan zuen.

Beltranek adierazi zuenez, Herri Musikaren Txokoak ez du mementoz «inongo obligaziorik» hartu topaketok urtero antolatzeko. «Baina orain arte horrela joan da, beti sortu delako halako elkartasun bat beste norbaitekin, eta egitasmoa hala etorri delako», argitu zuen.

Bada, iaz izandako bisita baten harira antolatutako hitzorduak izango dira hauek. Beltranek azaldu zuenaren arabera, iaz Herri Musikaren Txokoak bisita berezi bezain garrantzitsu bat izan zuen. Galiziako Conservatorio de Musica Tradicional y Folque de Lalin delakoak eskolako ekintza gisa bidaia bat egin zuen Oiartzunera. «Galizian erreferentzia bat da herri musikan, hezkuntza munduan, kantuan, soinu tresnetan, dantzan ere...», adierazi zuen Beltranek.

«Zergatik ez Galiziatik kanpo?»

Galiziarrek panderoaren edo «pandereita»ren inguruan bizpahiru topaketa eginak zituzten aurretik, eta iaz egindako bisita hartan oiartzuarrekin trukatutako esperientzien bidez otu zitzaien azken horiei egunotan egingo dena prestatzeko ideia. Beltranen aburuz, «zergatik ez egin halakorik Galiziatik kanpo?». Horiek hala, elkarlanean aritu dira bai euskaldunak (Trikitixa Elkartea eta Herri Musikaren Txokoa) bai Laringo kontserbatorioa.

Bestetik, panderetan aditu Leongo Gabriel Gonzalez Villalba ere izango da jardunaldietako gonbidatu. «Erreferentzia bat da, esperientzia handikoa mundu honetan, irakaslea Leongo musika tradizionalaren eskolan, ikerketa lan asko ditu eginak...», zehaztu zuten asteazkeneko prentsaurrekoan.

Azken batean, beraz, panderoari edo panderetari buruz Galiziako, Euskal Herriko eta Gaztela Leongo adituek egindako lan eta ikerketen aurkezpenak, gogoeta egiteko mahai inguruak, entzunaldiak eta lantegiak izango dira biharko eta igandeko jardunaldiotan.

Besteren artean, Imanol Urkizuk ere parte hartuko du hainbat hitzordutan. Atzo aipatu zituen horren gaineko zenbait zertzelada. Adibidez, Euskal Herriko panderoaren historia izango dute mintzagai, bai eta pandero-jotzaileen estilo zehatzak, bilakaera, disko grabazioak, txapelketak, edota musika eskolak ere, bai eta «anekdota bat edo beste ere».



Mintegiak, lantegiak, erromeria...

DONOSTIA

Auzokalte Ergoiengo auzo elkarteko aretoan ­Herri Musikaren Txokoaren ondoan­ izango da jardunaldiko hitzordu ugari. Prestatutako egitarauko lehenengo ekimena mintegi bat izango da, bihar, 10.00etan. Pontevedrako Conservatorio de Musica Tradicional y Folque de Lalingo Teoria y Metodo irakasgaiko irakasle Jose Luis do Picoz gain, Gabriel Gonzalez Villalba (Leon), Xabier Leturia eta Imanol Urkizu arituko dira bertan.

Arratsaldean, Ixiar Orejak gidatuko duen mahai ingurua egingo dute, 15.30ean, aipatu orok, Leturiak izan ezik. Eta, ondoren, Herri Musikaren Txokoari bisita ez ezik, jaialdia eta afaria egingo dute.

Igandean, berriz, 10.00etan ekingo diote pandereta-pandero lantegiari, Davide Salvado, Gabriel Gonzalez Villalba eta Urko Arozenarekin. Girizia elkartean bazkaldu ostean, 17.00etan hasiko den erromeriak itxiko ditu topaketak. Doneztebe plazan, Oiartzungo Bertsolari eta Trikitilariak, Zumarragako Trikitixa, Leongo Gabriel Gonzalez Villalba, Galiziako “pandereteiras” eta Leturia, Imanol eta Mutriku izango dira.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Artistas crean un disco para ayudar a los imputados en el macrosumario 18/98
Euskal Herria
Sanz rechaza un nexo con Lakua aunque lo apoyara la mayoría porque «lo exige ETA»
Euskal Herria
La autodeterminacion aguo la fiesta del juez
Mundua
Los gobiernos deben enfrentarse al DUP
Kirolak
Gaurko jaialdian ere nahiko lituzke Beotibarrek atzoko ikusle eta txaloak
Mundua
La capital iraquí padece la peor oleada de atentados desde 2003
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss