«Txokotik zabalera», euskarari buruzko gogoeta eta eztabaida umorez sustatzeko
«Txokotik zabalera» argitaratu du Dabid Anautek. Titulu polita da, baina, liburuaren mamiaz, azpitituluak ematen ditu pista gehiago: «Normalizator, Supersen eta euskararen munduko bestelako fauna». Bistan da: euskararen inguruko liburua da eta umorez idatzita dago. Hitzaurrea Kike Amonarrizek egin du.
DONOSTIA
Dabid Anaut (Burlata, 1968) euskara teknikaria da
eta euskalgintzan badu eskarmenturik. Atzoko aurkezpen ekitaldian esan zuenez,
egunero- koan euskaltasunari eusteko ahaleginean euskaldun askok topatu ohi
dituzten «paradoxa, kontraesan eta absurduan» erreparatu eta horien inguruan
gogoeta egin du, «bere baitan» egin ere, «txokoan», alegia. Orain, berriz,
Alberdaniak plazaratu duen liburuaren bidez, gogoeta horiek bere baitako
txokotik «zabalera» bidali nahi ditu, «gizartearengana edo euskaltzaleengana»,
hausnarketa eta eztabaida sustatzeko asmoz.
Liburua osatzen duten 22 ataletan era askotako gaiak
daude, den-denak euskararekin lotuta baina. Hizkuntzaren estatusa, gramatika,
normalizazio lana, jatorria, euskalgintza, erregistroak, euskalkiak eta beste
jorratu ditu egileak. Euskararen munduan dauden «zenbait figurari» ere arreta
jarri die, hala nola, filologoari edo ia euskaldunari, eta superheroiekin
parekatu ditu, betiere modu ironikoan. Horra liburuaren azpititulu xelebrearen
arrazoia.
Eztabaidarako edukiak plazaratzen ditu Anautek. Izan ere,
iritziak eman eta proposamenak egiten ditu. Baina edukiak ez ezik eztabaidarako
forma jakin bat ere proposatzen du: umorea. «Euskaldunok esan zuen
atzo oso ohituta gaude euskararen inguruan oso modu agonikoan
eztabaidatzen, haserre antzean. Egia da euskararen historiak eta gaurko egoerak
alderdi tragiko bat baduela, zalantzarik gabe, baina elementu komikorik ere ez
du falta, eta horretaz baliatu naiz ni, eztabaida desdramatizatzeko».
«Ez da txiste-liburu bat»
Gaizkiulertuak hasiera-hasieratik saihestu aldera, Inazio
Mujika Alberdaniako argitaratzaileak nabarmendu zuen “Txokotik zabalera” ez dela
inondik inora «txiste bilduma bat», eta Anautek berak ere, badaezpada, zera
argitu zuen: «Gaiak umorez jorratu ditut, baina tribializatu gabe. Euskararen
gaia serioa da eta, beharbada horregatik, umore pixka batekin jorratu behar da.
Badakit, hala ere, beti ezin dugula umorez eztabaidatu, beti modu tragiko eta
agonikoan eztabaidatu ezin dugun bezala. Bakoitzak bere unea du».
Oro har, euskalduna, euskararen ezin horretan,
euskararekin sufritzera ohituegi dagoela uste du Anautek. Azkenaldion, alabaina,
euskalgintzan euskararekin disfrutatu beharra dagoen ideia gero eta hedatuagoa
dago, eta liburuaren egilea bera ideia horrekin bat dator: «Ez badugu
euskararekin disfrutatzen, ez dugu inoiz aurrera egingo».
|