Liburu aurrerapena
Malikaren erabakia
Beldurrezko hamaika ipuin dakartza Jon Arretxek lanberrian. «Sustrai beltzak» (Elea) liburuan gizakiaren alderikezkutuenak, sinesgaitzenak eta maltzurrenak agerian utzi ditu basauriarrak, bere betiko erremintak erabiliz: kontatzeko modu zuzena, ironia, ezusteak eta paisaia exotikoak... Ipuin klaustrofobikoak aurkituko ditu irakurleak liburuan, istorio odoltsuak eta sinestezinak, magia eta abentura nahasian.
Oraindik gaua izan ez arren zerua iluntzen hasi da bat-batean, mendebaldetik airez hurbiltzen ari den beltzune eskergaren eraginez. Mahamoud berehala ohartu da zer datorkien gainera eta bere hiru seme-alaba txikiekin korrika bizian abiatu da artatxiki-sailera, soka bana eskuan dutela. Ia aldi berean iritsi dira sorora eurak eta oti hegalariek osatutako armadaren aurrealdea, eta borroka desorekatua hasi da. Sokak airean eragiteari ekin diote nekazariek eten barik, baina segundo bakoitzean milaka ugaritzen diren intsektuentzat hori ez da traba nahikoa eta grina gaiztoaz ekin diote artatxiki garauak jateari. Piztutako galtzu-piloaz saiatu da gizona infernuko jatunak uxatzen, eta bere umeek, nahiz eta saltoka ere ozta-ozta heldu landareen garaierara, ausardia miresgarria erakutsi dute otien kontrako borrokan. Edonola ere, Mahamoud berehala jabetu da alferrik dihardutela, eta intsektuek sortzen duten zurrumurru erogarrian ia aditu ez den madarikazioa bota du. Besoak jaitsi ditu azkenean, urte horretan bere familiak gosea pasatuko duela ohartu da eta horren zergatiaz galdetu dio bere buruari. Ez diote inori kalterik egin, gogoan izan dituzte beti arbasoak, bakean bizi izan dira izpirituekin, sarritan egin dizkiete odol eskaintzak fetitxeeiŠ
Europara ihes egin zuen alaba nagusiaz gogoratu da orduan. Agian hark egindako zerbait txarrak haserretu ditu izpirituak eta ekarri die zigorra. Baina ez du horrelakorik pentsatu nahi, Malika alaba ona baita eta ondo oroitzen baita haietaz, noizean behin etxera bidaltzen dien diru apurrak frogatzen duenez. Laguntza hori izango da aurtengo esperantza bakarra etorriko zaien aldikada gogorrari eusteko.
Aldi berean Mahamouden alaba nagusia ere bere familiarengan ari da pentsatzen, saminduraz, berari ere zorigaitza hurreratzen ari baitzaio une horretan, nazka sentiarazten dion gizon zuri lohi bat dela medio. Baina Malikarena eguneroko zorigaitza da. Europara heldu zenean bestelako bizimodua espero zuen, artista lana, bere herrian egiten zuenaren antzekoa. Afrikan baino askoz diru gehiago irabaziko zuela prometatu zioten ekarri zutenek, baina agindutakoa ahaztu eta gatibu bihurtu zuten. Ostatuko gelan prakak jaisten ari den gizonaren moduko asko jasan behar izan ditu harrezkero zorrak ordaindu eta libre izateko esperantzaz, baina hilabeteak igaro dira mundu berrira heldu zenetik eta zorrak, berak zergatia ulertzen ez badu ere, txikitu beharrean handitu egin dira. Hasieratik erregutu zion bere ustezko babesleari ogibidez aldatzen uzteko, baina beronek, menperatzaile barik lagun izan beharko zuen Seydou herrikideak, mehatxuka erantzun zion, kontuz ibiltzeko zer zioen, bestela jipoia emango ziola eta, txarrena, amaren eta neba-arreben panpinei orratzak sartuko zizkiela begietan, bihotzean, sabeleanŠ oinaze ikaragarria eraginez. Seydou marabut boteretsuari zion beldurra zela medio, kartzela berritik irteteko esperantza deuseztatuz joan zen pixkanaka Malikaren gogoan. Egunero gomutatzen zen bere herri xumeaz, bere gurasoez, bere neba-arreba txikiez, danborren hotsez, suaren inguruko dantzezŠ
Orain ere han dauka gogoa, baina ezinbestean atera behar du lozorrotik. Zakil tentea hurreratu du gizon zuriak ohean jesarrita dagoen Malikaren ezpain haragitsuetara, eta beronek zintzotasunez onartu du eskaintza, ahoa irekiz eta zakila ezpain bien artean estutuz. Seydouk ondo irakatsi zion zelan jardun lan berrian bezeroak asetzeko, eta horretan ari da neska, burua aurrera eta atzera mugituz. Hatsa darion gizon zuriak hasperenka dihardu eta eskuez gogor oratzen dio neskaren ile-mototsari. Orduan Malikak zakila ahotik atera du une batez, goiko ezpainaren barrualdean ezkutatuta zeukan bizar-xafla hortz-haginen artean estutu du eta ebaki sakona egin dio gizonaren zakilari. Beronek oihu itzela egin eta atzera bota du bere gorputza; hormaren kontra jo, estropezu egin eta lurrera jausi da odol jario handia eten nahi eta ezinean. Malikak mototsari eusten dion zurezko orratz sendo eta luzea hartu du, gizon zuriaren gainean jesarri da eta bihotzetik sartu dio bere beso zailduen indar guztia erabiliz. Atera eta bigarren aldiz ere sartu dio, eta hirugarrenez, eta laugarrenezŠ Gizona guztiz isildu eta gelditu denean ere orratza sartu eta atera jarraitu du neskak, bere burua odolez zipriztinduz, begirada lausoturik, bere hizkuntzaz zerbait murmurikatuz behin eta berriro. Mahamoud hitz berdintsuak errepikatzen ari da aldi berean, zeukan azken oiloari lepoa ebaki eta odola herriko fetitxe nagusiaren gainetik isuri bitartean. Gogo onez hartuko al dute izpirituek bere eskaintza!
Zeremonia amaitutakoan etxera itzuli da, pausu eginez artatxiki-sailari begirada etsia egiteko. Garaurik ere ez da gelditu. Ekialderantz hegaz doan beltzune hondatzaileak nahikoa izan du geldialdi labur bat uzta osoa hondatzeko. Hilabeteetako lan neketsua alferrik galduta. "Zergatik?", pentsatu du berriz Mahamoudek.
Malika odol epela isurtzen ari da zurezko orratzaren buru lodiaren gainetik, bere ama-hizkuntzan zerbait xuxurlatuz oraindik. Lasai dihardu, fetitxeentzako eskaintzak lasaitasunez egin behar baitira. Horregatik laztantzen du halako emetasunaz giza itxurako orratz-burua.
Zeregina behar bezala bete duela begitandu zaionean garbitu egin du bere burua gelako iturrian, gero aulkian utzitako arropa garbiak jantzi ditu eta zurezko orratzaz berriro finkatu du bere ile-mototsa. Bizar-xafla ere pasatu du uretatik, goiko ezpainaren barrualdean ezkutatu du tentuz eta kalera abiatu da.
Ez da lehenengo sakrifizioa izan erabakia hartu zuenetik, eta ez da azkena izango. Inork ez ditu berak baino pozago edukiko izpirituak, inork ez die eskaintza gehiago egingo, inork ez die berak baino odol gehiago opalduko. Eta gainera, hurrengo odola marabut boteretsu batena izango da. -
|