Batasuna, Euskararen Lege nazional baten alde
Azken mende laurdenean Lakuako Gobernuak kudeatu duen Euskararen Legea «mugaz eta gabeziaz» beteta dagoela salatu zuen atzo Batasunak, eta, gainera, euskara menpeko hizkuntza bilakatu duela adierazi zuen. Gaztelania ofiziala dela, eta euskara, ordea, «bigarren mailako hizkuntza» izatera behartu dutela nabarmendu zuen, eta hori elebitasuna garatzeko politikaren eragina dela azaldu. Izan ere, Batasunak adierazi zuenez, elebitasun sozialaren mitoa barneratu du Lakuako Gobernuak, eta hori «hizkuntza ordezkatzeko prozesu» bihurtu dela salatu zuen.
DONOSTIA
Euskal Herria aintzat hartuko duen hizkuntza politika nazionala eta ofiziala ezinbestekoa dela nabarmendu zuen Batasunak, Lakuako Gobernuak azken 24 urteotan kudeatu duen Euskararen Legeak agerikoak baititu hainbat «gabezia eta muga». Gainera, epe horretan Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian euskara bigarren mailako hizkuntza izatera behartu dutela salatu zuen, «elebitasun sozialaren mitoa barneratu» baitu Lakuak. «Hizkuntza ordezkapen prozesu» bati bide eman diotela salatu zuen. Marije Fullaondo Batasuneko mahaikideak salatu zuen gaur 24 urte bete dituen Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Euskararen Legeak ez duelako oinarrizko aurrerapausorik ekarri eraldaketa integralaren ikuspuntutik. Nahiz eta Francoren garaiko errealitatearekin alderatuz, hainbat onura ekarri dituela onartu zuen.
«Elebitasun sozialaren mitoa» Are gehiago, helburu zehatzik gabeko araudia dela salatu zuenFullaondok, eta egungo errealitateanerabat «zaharkituta» dagoela nabarmendu zuen.Gainera, Estatu espainolak inposatzen duen lurralde zatiketari men egiten diola eta euskara bigarren mailako hizkuntza gisa zokoratzea ekarri duela azaldu zuen. «Elebitasun sozialaren mitoa» barneratzearekin batera,«hizkuntza ordezkapen prozesu» bati bide eman diola azaldu zuen. Izan ere, egun gaztelania ofiziala da baina euskarak ez duez estatus ezta tratu bera ere. Erakunde publikoek hizkuntza eskubideak ez dituztela bermatzen eta ezberdintasunak areagotzea sustatzen dela salatu zuen. Modu horretan, Euskal Herriaren lurraldea desitxura-tzea bultzatzen dela esan zuen. Bestalde, ANV-EAEk ere Lakuak euskararekin duen jarrera gaitzetsi zuen. Gainera, berriki aurkeztu duen euskaren ziurtagirien ekimena Kontseiluak sustatutakoen aurkakoa dela salatu du ANVk.
«Marketina» oinarri duen hizkuntza politika
DONOSTIA Euskararen Legearen aplikazioari dagokionez, horrek herritarren eskubideak ez dituela bermatzen azaldu zuen Batasunak, eta «marketin hutsal» bilakatu dela salatu. Ukan birusaren eta Elebide zerbitzuaren egitasmoak jarri zituzten adibide modura. Marije Fullaondoren esanetan, zentzugabekeria hutsa besterik ez dira horiek, kanpaina soilak baitira azkenean. Herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko jarri du abian Gasteizko Gobernuak Elebide zerbitzua, baina erroko arazoa legea bera dela dio Batasunak, hark ahalbidetzen baitu hizkuntz eskubideak urratzea. Batasunak gogorarazi zuen, gainera, orain dela gutxi Auzitegi Goren espainolak UEMAko kideen eta estatutuen aurka kaleratutako epaia; hori Estatu espainolaren inposaketaren erakusgarria dela azaldu zuen Fullaondok. Alde horretatik, Lakuak euskararako «parekotasun egoera» ez duela xedatzen adierazi zuen Batasuneko mahaikideak, eta hizkuntza komunitatea den Euskal Herria osorik aintzat ez hartzea onartezintzat jo zuen.
|