Soraluzeko gose-grebalariekin bat egin dute eskualdeko hainbat eragilek
Larunbataz geroztik 10 pertsona daude gose-greban Soraluzen. Baraualdian dauden lagunek eskualdeko gizarte eragile eta pertsona askoren atxikimendu zabala jaso dute. Gose-grebalariek presoen eskubideen urratzea salatu nahi dute. Besteak beste, larri gaixotuta daudenak ez askatzea, kondena beteta duten 160 presoen kasua edota Iñaki De Juanaren egoera. Ekimena larunbatera arte egingo dute, eta, orduan, Baionan hartuko dute lekukoa.
SORALUZE
Babes zabala jaso zuten atzo Soraluzen gose-greba egiten ari diren hamar lagunek. Izan ere, sindikatuek, alderdi politikoek, gazte mugimenduko eragileek, euskara eta irakaskuntza alorrekoek zein beste hainbat taldek, elkartek nahiz pertsonek atxikimendua helarazi diete. Horien artean dira Batasuna, ELA, LAB, Etxerat, Segi, EHE, AEK-ko irakasleak, Eskualdeko Gaztetxe eta Gazte Asanbladak, Mutriku eta Errotatxo Futbol Taldeak, Arima Beltza musika taldea, Itziarko bertso eskola nahiz Soraluzeko pilota taldea.
Amnistiaren aldeko mugimenduak urriaz geroztik abian duen ekimenaren bosgarren txanda izan da Soraluzeko gose grebalariek egindakoa, eta larunbatetik aitzina Baionak jasoko du lekukoa. Grebalarien aldarrikapenen artean, honakoak: «Kalean egon beharko luketen 6 preso larri gaixotuak eta zigorra bete ostean gure artean egon behar luketen 160 presoen egoera salatzea». Horrekin batera, Debabarreneko lagunek gogora ekarri zuten sakabanaketak bere horretan jarraitzen duela eta espetxe barruko egoerak nabarmen egin duela okerrera. Horrez gain, Iñaki De Juana berriro gose-greban ari dela nabarmendu zuten, eta preso donostiarrari «besarkadarik beroena» bidali zioten. Soraluzeko protesta horretan ez zituzten aipatu gabe utzi zigorraren 3/4 bete duten Pedro Jose Etxeberria soraluzetarra, Jose Mari Beristain eta Juan Mari Gabirondo itziartarrak, Jokin Urain mendarotarra eta Mikel Zarrabe eibartarra. Bestalde, atzo, Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan ere mobilizazioak egin zituzten euskal preso politikoen eskubideen defentsan. Arrosadian 32 pertsona bildu ziren, Donibanen 20, Txantrean 80, Antsoainen 21, Lesakan 50, Eibarren 70, Elgoibarren irakaskuntzako mobilizazioaren barruan esku-orriak banatu zituzten. Berangon, 24 pertsona elkartu ziren eta Leioako Campusean 170 ikasle izan ziren eguerdiko mobilizazioan. Horrez gain, Ocaña I presondegiko gatibuek baraualdia egiten dute ostiralero Iñaki De Juanaren egoera salatzeko.
|