DONOSTIA
Haizeak gogor jo zuen atzo, eta batean eta bestean makina bat arazo eragin zuen. Hori dela-eta, suhiltzaileek hainbat irteera egin behar izan zituzten. Zehazki 6.15ean Loiun, BI-737 errepidean, zuhaitz bat eta argindar kable bat lurrera erori ziren, eta ondorioz, bidea itxi zuten goizeko zortziak aldera arte. Donostian, berriz, Kolon etorbidean, haizeak etxebizitza bateko teilak lurreratu zituen, eta Ertzaintzak errepidea garbitu behar izan zuen. Irun eta Brinkola arteko trenen zirkulazioa ere oztopatuta egon zen goizean, haizeak askatutako burdinazko xafla batek katenaria jo eta argindarra moztu baitzuen. Argindarrik gabe egon ziren Andoainen ere. Hainbat bizilagunek goizaldean ilunpean egon behar izan zuten.
Haizeak itsasoan ere izan zuen eragina, aparteko bizitasuna hartu baitzuen. Hala, Ondarroako portuan zegoen itsasontzi bat askatu zen olatuen indarraren eraginez. Gertaera 6.10ean pasatu zen. «Michael Falmouth» izeneko barkuaren amarratzea askatu zen, eta nora ezean gelditu zen. Itsasoaren indarrak, ordea, Mutrikuko Saturraran hondartzara eraman zuen ontzia, eta bertan gelditu zen hondartuta.
Ikusmina Saturraranen
Zauriturik eragin ez zuen gertaera horrek ikusmin handia eragin zuen mutrikuarren artean, eta makina bat lagun bertaratu zen hondartzara, itsasoak ekarritakoa ikuste aldera.Ikusminak bultzatuta ere, hainbat lagun bildu ziren Donostiako Paseo Berrian olatuak ikusteko. Ustekabeak harrapatu zuen emakume bat olatuak, eta arin zaurituta eraman behar izan zuten erietxera.
Ez da harritzekoa horrelakoak gertatzea; izan ere, haize boladak kontuan hartzeko modukoak izan ziren. Hala, oraindik ere Euskalmeten web orriaren arabera, Oitzen egin zuen 220 km/orduko haizea baieztatzeko badago ere, nabarmentzekoak dira Gorramendiko 150 km/orduko haize boladak, Urduñako 129 km/ordukoak, Bermeoko 128 km/ordukoak, Jaizkibelgo 125 km/ordukoak, Pasaiako 115 km/ordukoak edota Biarrizko 90 km/orduko haizeteak.
Haize boladak ez ezik, nabarmentzeko tenperatura gorabehera bortitzak gertatu ziren ostegun gauetik atzo goizaldera. Ostegun arratsaldean nabarmen epeldu zuen, batez ere Bizkaian eta Arabako Aiara eskualdean. Punta Galean, esaterako, atzo goizaldeko ordu bietan 21 gradu markatzen zituen termometroak, eta Basaurin, 16 gradu bostetan. Laudion, berriz, 19 gradu goizeko lauretan. Azken herri horretan aipagarria da 9.00etarako termometroek 7,3 gradu markatzen zituztela; ia hamabi graduko jaitsiera gertatu zen, beraz, lau ordutan. Gasteizen ere gauza bertsua gertatu zen; goizeko hiruretan 16 gradu zeuden, eta bederatzietarako 6,3 baino ez zituen markatzen termometroak.
Eguraldiak ez du hobetze aldera egiteko tankerarik, eta haize gogorrak eta elur maila jaistea espero dute gaurko. Hego Euskal Herria alerta egoeran da. Hori dela-eta, Lakuak martxan jarri du neguko bideragarritasun plana, eta errepideetan tentuz ibiltzeko aholkua eman du. Atzo elur maila 1.400 metrotan zegoen, eta gaur behera egingo du. Arratsalde-partean, 700-800 metrora ere elurra egitea litekeena dela adierazi dute.