GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-12-09
Zapalduen olerkiak aldarrikatzen
Kultur alorreko hainbat pertsonak eta taldek azken astean Durangon egin duten gose-grebarekin bat egin zuten atzo. Sinatzaileek gaixoriketa zigorra beteta duten presoak askatzeko eta eskubide guztien jabeden kolektiboa batzeko eskatu zuten. «Euskal Herriari xantaiarik ez,baldintza demokratikoak» lelopean gaur egingo duten manifestazioaneta ondorengo ekitaldian parte hartzeko deia ere egin zuten.

Ostirala bidaia eguna izan ohi da euskal herritar andanarentzat. Ez da gustuko ibilbidea izaten, baina halabeharrezkoa ehunka kilometrora dagoen senitartekoa, laguna edo bikotekidea ikusi ahal izateko. Atzokoa ez zen salbues-pena izan, sakabanaketa politikak ez baitu ez jaiegunik ez atsedenik hartzen. Bidaia luze horiek egitera behartuta dauden herritar horietako askok autoaren, furgonetaren edota autobusaren bozgorailuetan doinuak eramaten dituzte, errepideko dozenaka ordu bukaezin horiek arintzeko.

Atzo, astero bezala, lagun ugarik Estatu espainoleko edo frantseseko edozein kartzela urrunetara bidaiatu behar zuten, musika eta testu euskaldunekin batera. Hori bai, goizean, doinu eta hitz horien sortzaileen babesa jaso zuten; haiek eta, nola ez, kartzelan dauden euskal preso politikoek. Izan ere, kultur alorreko hainbat pertsonak bat egin zuten Euskal Herria zeharkatzen ari den gose-greba ibiltariarekin. Aste hone- tan, Durangoko eta Zornotzako 17 pertsona gose-greban egon dira (Oarso-Bidasoaldean ere beste hainbat). Horiek hala, herenegun, hainbat musikari 24 orduz baraualdira batu ziren, eta atzo eguerdian, idazleen txanda hasi zen.

Denek bat egin zuten Durangoko Liburu eta Disko Azokaren aurrean prentsaurrekoa emateko. Bertan, amnistiaren aldeko mugimenduko kide Ibon Virumbralesek eta Ken7 taldeko abeslari Eñaut Elorrietak hartu zuten hitza. Azken horrek grebalarien aldarrikapenen berri eman zuen, eta hiru puntu zehaztu zituen. Honako hauek: «Bat: gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoak berehala eta inolako baldintzarik gabe kaleratzea. Bigarrenik: kartzela zigorrak beteta dituzten euskal presoak berehala eta inolako baldintzarik gabe kaleratzea. Azkenik: Euskal Preso Politikoen Kolektiboa, eskubide guztien jabe izanik, Euskal Herrian batzea». «Presoak xantaia modura erabiltzea salatzen dugu; are gehiago, orain bizi dugun egoera honetan», jakinarazi zuten. Gainera, Virumbra- lesek adierazi zuenez, presoen egoerak okerrera egin du eta euren eskubideen urraketa gero eta handiagoa da.

Manifestu hori sinatu dutenen artean, euskal kulturgintzako hainbat izen ezagun daude. Besteren artean, Betagarri, Ken7, Su Ta Gar edota Seiurte musika taldeko kideak, Jose Mari Espartza, Edorta Jimenez, Laura Mintegi edota Eva Forest idazleak eta Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Sustrai Colina edota Oihane Enbeita bertsolariak. Betiere, zerrenda oso luzea dela adierazi behar da.

Durangon, gaur, arratsaldeko bostetan, «Euskal Herriari xantaiarik ez, baldintza demokratikoak orain» lelopean egingo duten manifestazioan eta ondorengo ekitaldian parte hartzera animatu zuten gizartea.

Ziegetatik Euskal Herrira

Prentsa agerraldiaren ondoren, presoei babesa eman dieten kultur eragileak Plateruena kafe antzokira abiatu ziren. Gehienek bi eskuren gainean «Euskal Herriari xantaiarik ez» zioten elastiko urdinak zituzten jantzita. Kolore sorta hori osatzeko, gaur eguerdira arte gose-greba egingo duten 17 pertsonen elastiko berde argi deigarriak zeuden.

Plateruenan, «Ziegetatik Euskal Herrira» ekitaldia prestatzen hasi ziren. Bertan, hainbat musikariren emanaldiaz gain, idazle eta bertsolari hainbatek euskal presoek kartzelan idatzitako poemak irakurri zituzten. Ekitaldi lasaia, xumea eta konprometitua izan zen.

Hasteko, Ene Bada taldeko Eneritz, Betagarriko Aitor eta Ken7ko Unai taulara igo ziren. Azken horren bertsoak emanaldiaren lehendabiziko ukitua izan ziren. Horren ondoren, talde bereko Eñautek eta Beñatek “Zapalduen olerkia” kanta ezin egokiagoa hautatu zuten abesteko. Segituan, Lander Garro idazle errenteriarrak lehen olerkia irakurri zuen. Anje Duhaldek ere ez zuen ekitaldia galdu nahi izan, eta gitarra eta harmonika hartuta, elkartasun ekitaldiarekin bat egin zuen.

Eguerdiko memento hunkigarrienetariko bat bost preso ohiren ­Xabier Alegria, Imanol Uria, Mitxel Sarasketa, Manu Azkarate eta Miriam Campos­ testigantzak ikus-entzunezko batean erakutsi zituztenean izan zen. Teknologiak ez zuen askorik lagundu, irudiak behin baino gehiagotan trabatu baitziren, baina mezua argia zen: presoen borroka, sufrimendua, tinkotasuna eta elkartasuna agerian utzi zuen.

Emanaldian, Eider Rodriguez, Laura Mintegi, Abelin Linazasoro, Urtzi Urrutikoetxea eta Paddy Rekalde idazleek Carmen Gisasolak, Filipe Bidartek, Jokin Urainek eta Iñaki De Juanak kartzelan idatzitako poemak irakurri zituzten. Etxek, Seiurteko Jokinek eta Ene Badako Eneritzek musikarekin lagundu zituzten..

Elkartasun batuketa

Doinuen artean ezin zen txalaparta falta, eta Zornotzako gose-grebalariek jo zuten, beste kide batek “Izarren hautsa” abesti aski ezaguna kantatzen zuen bitartean. Sustrai Colinaren, Igor Elortzaren eta Unai Iturriagaren bertsoek euskal presoen egoera gogoan izan zuten, batik bat gaixo daudenen horiena.

Ekitaldian bi belaunaldi oso ezberdinetako presoen egoerak ekarri zituzten gogora. Alde batetik, Jose Mari Sagardui Gatza 27 urte kartzelan daramatzan zornotzarrarena, eta, bestetik, Zunbeltz Larrea urte batean bost aldiz atxilotu zuten gazte durangarrarena.

Ekitaldia elkarrekintza ariketa nabaria izan zen. Izan ere, leloak berak zioenez, ziegetan idatzitako hitzak elkartasun boomerang bat balira bezala bueltatu baitzituzten ekimeneko partaideek, doinu eta aldarrikapen formarekin. Ekimenaren mementorik gorenena Mikel Urdangarinen eta Kirmen Uriberen saioan ailegatu zen.

Izan ere, bi artistak taulan agertu ondoren, gose-greba egiten egon diren pertsonak agertokira igo baitziren, eta bildutakoen txalo zaparrada jaso zuten. Haien atzetik, eta lehenago aipatutako elastiko urdinekin, ekitaldian parte hartu zuten artistak batu ziren. Aldarrikapena, borroka eta sorkuntza batuketa egiteko modua eman zuten.

Azkenik, Kirmen Uribek 22 urtez preso izandako Isidro Galardi Mamarru-ren omenez idatzitako olerkia irakurri zuen, Mikel Urdangarinen gitarra doinuek laguntzen zuten bitartean. Kantariak, gainera, Jose Mari Sagarduik kartzelan mende laurdena bete zuenean, Xabier Amurizak idatzitako hitz bat musikatu zuen.

Ekimena «ezin badute hegan egin, guk lagunduko diegu» esaldiarekin ederki definitu zuen Uribek. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Arazo ugari haize bolada indartsuek eraginda
Euskal Herria
Zapalduen olerkiak aldarrikatzen
Kultura
Liburua bidaia denean
Jendartea
Miles de personas vuelven a mostrar su rechazo al TAV, esta vez en Durango
Mundua
Denuncian la muerte de 32 civiles en un bombardeo de EEUU en Irak
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss