Bozgorailuak esan du Anjel Lertxundi Alberdaniako erakusmahaian dagoela ‘‘Ihes betea’’ labetik atera berri duen liburuaren aleak sinatzen. Minutu gutxira, haren obraren jarraitzaile multzo bat bertaratu da Goenkale korridorean dagoen standera.Aprobetxatzeko moduko aukera, Orioko idazlea egun bakar batez izango baita aurten Durangoko Azokan (atzokoa aukeratu zuen Landakon agertzeko). Gustura dabil idazlea. «Irakurleari aurpegia eta ahotsa jarri ahal dizkiet; usain hori hartzea maite dut», adierazi du. Tamalez, mahaiaren beste aldean dagoenarekin berriketa gehiegirako ez du ematen giroak, eta detaile gutxi jaso ahal ditu idazleak liburua erosi duen pertsonari buruz, batez ere pasiloetan jende gehiegi pilatzen denean.
Nagusiki, 50 urtetik beherako emakumeak joan zaizkio Anjel Lertxundiri. Ez zaio gauza arraroa iruditzen. «Azterketa soziologikoek horixe diote: emakumeak direla nagusi irakurleen artean», nabarmendu du.
Irakurleekin elkarrizketan eroso sentitzen da egilea; ez
horrenbeste eskaintza bat idatzi behar duenean. «Nire ustez, dedikatoriarena
beste genero literario bat da, nahiko zaila», esan du. Horregatik ideia nagusi
bat buruan duela joaten da Durangora, eta horren inguruko bariazioez baliatzen
da nobelak sinatzeko. «Liburu bat bidaia bat da, etxean egiten duzun bidaia;
nonbaitetik hasi eta beste nonbaiten bukatzen den bidaia da. Territorio
espiritual batean egiten duzun bidaia da, eta irakurleari ibilgailu bat
eskaintzen diozu: nik irudikatu dudan bidaiarekin irakurleak bere bidaia egin
dezake». Horretan datza, Lertxundiren aburuz, literaturaren magia.
Postuz postu zailtasunez
Jose
Mari Agirretxek (Porrotx) atsedenalditxo bat hartu du; izan ere, aurreko egunetan standean gelditu gabe aritu da. Joseba Tapiarena da alboko saltokia, eta hura agurtzera joan da. Trikitilariak ere ordu dezente emanak ditu azokan, baina kale egingo du bi egunetan zenbait orduz agertokira igotzeko (atzo Azkaraten ibili zen eta gaur Ariben joko du). Nafarroara abiatu aurretik bere mahaian dabil diskoak sinatzen.Ekitaldi horrek saltzeko ematen duen aukera nabarmentzen du aurten autoekoizpenaren bidea hautatu duen musikariak. «Pozik nago jende asko dabilelako», esan du. Gelditu gabe ari da CDa sinatzen. «Errotulagailu bereziz ongi hornitua etorri naiz!», azaldu du barrezka. Urrian jarri zuen plazan azken CDa, ‘‘Real Politik’’, eta dagoeneko ezaguna da publikoaren zati handi batentzat. «Hemen nagoela, diskoari buruz jendeak duen iritzia jasotzen dut, eta horregatik gustura egoten naiz standean», aipatu du. Postuan, azkeneko diskoaz gainera, singlea eta koaderno bat erakutsiko ditu. Gaztelupeko Hotsak-en postuan aurki daitezke Joseba Tapiaren bakarkako beste hiru lanak: ‘‘Quebec’’, ‘‘Agur Intxorta Maite’’ eta ‘‘Apoaren edertasuna’’.
Autoekoitzitakoa da Su Ta Garren ‘‘Jainko hilen uhartean’’ ere. Mementoz, bide horri eutsiko dio. «Ez dira musikarako momenturik onenak, baina, behintzat, gure buruaren jabe gara ehuneko ehunean», agertu du Aitor Gorosabelek. Bera eta Asier Osoro jo eta ke ari dira diskoak eskaintzen. Izugarria da haien lana erostera joaten den gaztetxoen kopurua. «Hori da Su Ta Garrek duen altxorra. Gazteenak ere kautibatzen ditugu eta horrek bizirik irautea egiten digu», azaldu du taldeko ahotsak.
Elkar Banaketak duen postuan dago bikotea. Handik txalo zaparrada bat entzuten da. Xirika Zirkuseko bi aktore oreka akrobatikoak egiten ari dira Barrenkale eta Goenkale pasadizoen arteko bidegurutzean. Ikuskizunari begira dauden gizon bi mozorrotu dituzte, eta argazki eta guzti joan dira etxera. ‘‘Nabarra’’ren eta ‘‘Gaztetxulo’’ren promozio kanpainak irribarreak irudikatu ditu egun hauetan Durangora bertaratutako jende askoren aurpegietan.
Jende uholdea dabil Landako barruko kaleetatik gora eta behera. Zailtasunez egiten da aurrera edo atzera. Hala ere, Gurutze Gorrikoek ez dute arazorik izan ohatila batekin konortea galdu duen gazte baten bila abiatzeko. Berehala egin diete lekua. Azkenean ez da garrantzizko ezer izan, eta gaztea berehala itzuli da lagun koadrilarekin
Bien bitartean, Toti Martinez de Lezea gelditu gabe ari da ‘‘La Brecha’’ko aleak sinatzen. Jende pila datorkio, asko eta asko lagun edo senitartekoren bati opari egiteko eskaintza eske. Emakumeak ere nagusi Ttarttaloren mahaira joaten direnen artean. «Hala ere, kontu hartu: neskak datoz baina gizonezkoren batentzako liburua sina dezadan nahi dute», esan du. Totik ez du arazorik liburuak eskaini eta, aldi berean, kazetariaren galderei erantzuteko. Durangotik poltsa bete liburu eramango du etxera: «Esparzaren ‘Cien razones por las que dejé de ser espańol’ erosi dut semearentzat, pirata eta korsarioei buruzko beste liburu bat, Baztanen inguruko beste bat, baita Kirmen Uriberen poesia eta lobarentzako ipuin polit bat, beste batzuen artean», zehaztu du.
Martinez de Lezea bezain gustura dago JonArretxe, Elearen salmahaian. Han dagoela jakinarazi dutenetik gelditu gabe joan zaizkio jarraitzaileak mahaira. «Mimatu egin behar da irakurlea, eta saiatzen naiz banaka eurekin hitz egiten. Nire liburua zergatik aukeratu duten jakin gura dut», azaldu du. Arretxeren irudikoz, bidaiei buruzko literatura idazten dutenei mesede egin dieDurangokoAzokak aurtengo gai nagusitzat horixe aukeratu izanak.
‘‘Alfonbra berria’’, ‘‘Bizitza eredugarriak’’ eta ‘‘Begira begira’’ dira Jesus Mari Olaizola Txiliku-k azokara ekarri dituen nobedadeak. Berak liburu-dendetan normalean ez dauden produktuak bilatuko ditu. «Seaskako egutegia, argitaletxe arraroren batek dakarren materiala...», esan du.
Ana Urkiza hiru salmahaitan dabil aurten. Izan ere, umeentzako bi izenburu eta nagusientzako beste bat kaleratu ditu Elkar, Pamiela eta Alberdaniarekin, hurrenez hurren. Liburuaren edukiak giltzatzat hartuta, idazlea irakurlearekin harremana izaten saiatzen da. Hirugarren eguneko jende uholdea ikusita, gehienak «erostera baino gehiago giroaz bustitzera ez ote datozen» bururatu zaio. «Salmentak ez dira hainbestekoak izaten ari», adierazi du Ana Urkizak.
Elkarren saltokian dago. Lehenengo ilaran neska talde bat dago. Kanbotik dator, Xalbador kolegiotik, informazio eske. Azokan aurkeztu diren nobedadeen inguruan datuak biltzen ari dira, irakasleren batek aginduta.
Aspaldiko proiektu bat gauzatzea babestera joan da Erique VillarealDrogas Barricadako abeslaria. Azkenean, liburu batean bilduta ikusi ditu taldeak bere ibilbidean abestu dituen hitzak. «Gure diskoen bilduma egitea zaila da hainbat argitaletxerekin jardun garelako, baina hitzak liburu batean biltzeko gogoa nuen, eta 160 bat kanta jaso ditugu», azaldu du. Liburu mardula da. Eskaintzak ere eskatu dizkiote. «Ni horretarako nahiko motela naiz», onartu du rockaren zale nafarrak.
Arrakastatsua suertatu da oso ‘‘18/98+... Auzolanean’’ lana. GARAko postuan bukatu egin da; eta Lan Taldearen salmahaian, berriz, erruz ari dira saltzen. Auzipetuei elkartasuna adierazteko autoinkulpazioak ere ehunka ari dira sinatzen egunotan Landakon.
Gure Irratiko kideek Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren sarreran jarraitzen dute. Suak hondatutako emisorako langileak diru ekarpenak jasotzen ari dira etengabe. -