Asier AIESTARAN
DONOSTIA
Aratz Mendizabalek eta Jon Apezetxeak gaur jokatuko dute Iruņean (Labrit, 18.00) Bigarren Mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren final nagusia. Asegarceko eta Aspeko adarretan, hurrenez hurren, nagusitu ostean, txapelarekin batera, hurrengo urtean Lehen Mailako lehiaketan parte hartzeko txartela izango dute biek jokoan.
Aratz Mendizabal irtengo da hasieratik faborito moduan. Zaldibiakoak oso itxura ona eman du orain artean, eta badirudi Apezetxea baino eginago dagoela. Lehen kanporaketan Belloso utzi zuen kanpoan; finalerdietako ligaxkan jokatutako hiru norgehiagokak oso argi irabazi zituen eta enpresako finalean Oier Mendizabal 13an utzi zuen. Bost partida jokatu, bostak irabazi, 110 tanto egin eta 46 bakarrik jaso.
Jon Apezetxea, berriz, ezustean sartu da final handian. Goizuetakoak lehen kanporaketa ez zuen jokatu beharrik izan Del Rey min hartuta zegoelako. Ondoren, Larralde larri-larri kanporatu zuen nahiz eta partida hasieran markagailuan sekulako abantailak izan. Eta finalean, Zubieta faborito irten arren, sekulako joko erakustaldia eman zuen gazteak.
Mendizabal joko luzea egiten saiatuko da Apezetxeak pilota aurre-aurrean har ez dezan. Gipuzkoarra joko horixe entrenatzen aritu omen da azken egunotan: sakea luze atera eta pilota azpi-azpitik azkar mugitu. Gaur bere erritmoa ezartzen badu, asko izango du irabazia.
Apezetxea, berriz, eskuko arazoak ahaztuta tantoa nahasten saiatuko da. Zubietaren kontra, txokoan eta zabalean tantoa oso erraz amaitu zuen, baina pentsatzekoa da Aratzek zailtasun handiagoak ipiniko dituela. Proba ederra bientzat.