Badute zerbait gerra ondoko argazki zaharrek adinekoak nostalgiko jartzen gaituena. Gauza bera gertatuko zaie gaurko gaztetxoei 90eko hamarkadako argazkiekin. Egutegi nostalgikoa nahi duenak badu aukerarik:Aranzadi Elkarteak Jesus Elosegiren argazkiekin egin duena ikusgarria da, eta ikusgarria da Debagunek Justino Uribesalgoren bildumatik hartu dituen irudiekin taxutu duena ere.Gazteagoentzat gomendagarria da oso Euskal Herriko Gazte Asanbladak atera duena, gaztetxeei buruzko argazkiekin. Aldarrikapen politikoen euskarri ere badira egutegiak batzuetan. Horrelakoak dira Presoen Lagunak standean dagoena eta Boltxe kolektiboak azokara ekarri duena ere, biak estetika aldetik arras ezberdinak badira ere. Beste egutegi gomendagarri bat Trikitixa Elkartearena da, sinplea, baina ederra, soinu zaharren argazkiak dituena.
Aipa dezagun Jesus Elosegi Irazusta tolosar argazkilariaren lanak biltzen dituen egutegia. Lazkaoko Beneditarren artxibotik hartutako irudiak dira, 1933tik 1945era bitartekoak. Amasako korrika apustu bat ageri da batean, Aralarko artzain bi ondoren: Sasiain eta Otsolizarraga, La Estellesa autobusaren istripu bat segidan, ikusgarria. Oiartzungo Galdosenea taberna, ezkontza bateko apaingarriak hurrengoetan. Argazkilaria Aranzadi Elkarteko idazkari izan zen, eta elkarte horrek kaleratu du egutegia. Argazki zaharrak dituzten egutegien artean aipamen berezia merezi du Debagunek atera duenak. Justino Uribesalgoren bildumatik hartutakoak dira, eta badago tartean irudi bat antologikoa: 47ko gimnasiako eskola bat Gazteluondo ikastetxeetan. Irakaslea J. L. Martinez da. Topagunearen salmahaian aurkituko du bisitariak.
Durangaldeak ere atera du egutegia, baina hori gaurko dantzari taldeen argazkiekin egina da. Anboto Komunikabideak enpresak taxutu du. Bada beste egutegi bat argazkiak gaurkoak izanik ere, aspaldiko soinuak erakusten dituena: Trikitixa Elkartearena da. Soinu zahar horietako batzuk Joseba Tapiarenak dira, Iker Goenagarenak beste batzuk, Epelarrena ere han omen dago eta Gelatxorena ere bai. Oskar Estangaren bildumakoren bat edo bat ere bada tartean.
Gaurkoagoa, gela bat apaintzeko baliatzeko modukoa da Udako Euskal Unibertsitateak atera duena. Kukuxumusu taldearen marrazkiak ditu. Urtaro bakoitzari kolore bat eman diote: udaberria berdea, uda urdina, udazkena okrea eta negua gorria. Bi euro bakarrik balio ditu.
Gazte giroko beste egutegi bat, baina borroka girokoa hau, Euskal Herriko Gazte Asanbladak ekarri duena da, argazki bikainez eta gaztetxeen mapaz hornitua. Egutegiak 3 euro balio ditu. Bilboko Gazte Asanbladak ere atera du egutegi bat okupazioei buruzko argazkiekin. Poster itxurako egutegi asko da bazterretan, eta horietako bat da Elkarrek Apaizac Obeto espedizioari eskaini diona. Euro bakar bat balio du.
Presoen Lagunen standean preso eta iheslarien aldeko egutegi eder bat aurki dezake bisitariak.
Boltxe kolektiboarena estetika sobietarrarekin egindakoa da. “Berria”rena fina eta originala da. “Xirika”k ere atera du berea. Eta Bertsozale Elkarteak Munch-en “Deiadarra” aukeratu du aurten berea egiteko.
Standik ez bazuten ere, Bilboko Arte Ederretako ikasleak egutegi eder bat saltzen ari ziren korridoreetan ikas-bidaia ordaintzeko.
Almanakak lau
Arantzazuko Egutegia edo almanaka da historiarik luzeena duena. Karmengo Amaren Egutegiarekin batean sortu zuten gerra ondoren, eta etxe askotan euskaraz irakurtzen zen euskarazko testu bakarra izan zen urteetan. «Jose Luis Zurututzak darama azken urteotan. Hogeita bost izango dira edo hogeita hamar. Garai batean, ikasleon artean banatu ohi zituen lanak, eta orain ere bere ingurukoen artean banatzen ditu», esan zuen Joseba Intxaustik, Arantzazuko salmahaian. Esaera zaharrak, ipuin laburrak, bertsoak eta erlijioari buruzko testuak biltzen ditu bertan. «Gure gizarte tradizionalaren osagarriak ditu eta aldatu bada ere, lehenari eusten dio», erantsi zuen Josebak.
“Argia”ko almanakaren ardura Arantza Egañak darama. «Durangorako derrigor kalean egon behar duen produktua da. Presaka eta korrika ibiltzen gara garaiz iristeko, baina lan hau ez da batere konplikatua. Orain bi urte diseinu aldaketa bat egin genuen, eta hau da hirugarren egutegia diseinua aldatu gabe ateratzen duguna. Testuak biltzeak ematen du lana», esan zuen.
«Honek duen ezaugarria zera da, atzeko testuetan bitxikeriak, asmakizunak eta gertakariak sartzen ditugula. Santugugia du eta aurten berezitasun moduan itsasbeherak eta itsasgorak eta ilargiaren aroak sartu ditugu», jarraitu zuen Arantza Egañak. Arantza Andoni Egañaren arreba da, eta pentsatzekoa da bertso on batzuk ere sartuko zituela. Almanakak 7,50 euro balio ditu. Mensajerok ere badu almanaka bat sinpleagoa. “Jesusen Bihotzaren egutegia” izenekoa, 5 euroan saltzen dutena, eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere banatu du Durangon beste bat bizkaieraz taxutua.
Agendarik apenas aurkitu genuen. Daudenak Artez Papergintzan daude. Bilboko Deustun dute egoitza, eta dendetara banatzen dituzte lanak. Poltsikokoak, mahaikoak; era askotakoak dituzte bertan. Bat bada gazteentzat. «Euskararen normalizazio planak eramaten hasi ginen, eta horretan jarraitzen dugun arren, itzulpegintzan eta papergitzan ere ari gara», esan zigun Arritxu Zelaiak. Badira beste zenbait agenda ere. Elhuyarrek du bat eta bada baita “Agenda Libertaria” izeneko bat ere oso xumea. -
DURANGO