GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-12-09
EHZ jaialdiko zuzendaritzan bigarren belaunaldiak hartu du gidaritza
Euskal Herria Zuzenean jaialdiko antolakuntza taldeak 2006ko edizioa guztiz positibotzat jo du. Ekainaren 30etik uztailaren 2ra Idauze-Mendin egin zuten jaialdiak, azken urteetan ez bezala, irabazi ekonomiko gutxi batzuk izan zituen. Giroari dagokionez, berriz, antolatzaileak oso pozik agertu dira jendearen erantzunarekin. Hastapenean jaialdia Arrosan antolatzen zuten, eta garai hartatik aldaketa osoa izan da zuzendaritzan. Belaunaldi berriak bide bera segituko du.

MAKEA

Uda hastapenean egin zuten Euskal Herria Zuzenean jaialdia, eta dirurik irabazi ezean azkeneko edizioa izango zuela jakinarazi zuten antolatzaileek. Irabazien aldetik, azkeneko urteak aski txarrak izan ziren, baina aurtengo antolakuntza berriak galeren bideari buelta eman dio, eta irabazi gutxi batzuk izatera ailegatu da 2006. urteko EHZ. «Antzinako urteetan diru anitz galdu genuen, eta aurten ez dugu dirurik galdu. Pixka bat ere irabazi dugu, eta gure ideia horrela segitzea da, batez ere aurten biziki ongi joan delako», adierazi zuen jaialdiko zuzendaritza taldeko Patxi Tikoipek.

Animazioak egun guztian antolatzea eta arratsetan kontzertu anitz eman beharrean kontzertu handi bat egitea izan ziren aldaketa nagusiak. «Biziki ongi joan da hainbat animazio egin genituelako, eztabaida handi batekin. Gainera, baziren animazio txikiagoak eta horiek ere biziki ongi joan dira», azaldu zuen Tikoipek. Horrek jaialdira joan zen jendearen adina eta giroa aldatu zituela azaldu zuen zuzendaritza taldeko kideak: «Lekuan bertan giroa pixka bat aldatu genuen; aurten giroa goxoagoa zen, aurreko urteetan baino hobeki». Bestalde, ingurumenarekin adeitsu jokatzeari garrantzi handiagoa eman zioten aurten. «Bioarekin eta nekazaritzarekin engaiamendu handiagoa izan zen aurten, eta guk horrekin segitzea espero dugu», jakinarazi zuen Patxi Tikoipek.

Engaiamendu horiek jaialdian hainbat eratan islatzen ziren, berrerabiltzeko edalontziak emanda edo hondakinak bereizita, baina harago ere joan ziren antolatzaileak; izan ere, esaterako, zurez eta zerrautsez egindako komun idorrak eraiki zituzten produktu kimikorik erabili behar ez izateko. «Saiatzen gara horrelako praktika alternatiboak garatzen gure ideiak horrelakoak baitira», nabarmendu zuen jaialdiaren antolatzaileak.

Helburuak

Nekazaritza ekologikoaren bitartez bestelako helburuak ere bete nahi dituztela azaldu zuen Tikoipek. «Pixkanaka bioaren aldera egiten dugu. Belaunaldi guztiak bildu nahi ditugu, eta era horretako eztabaida handi bat antolatu», adierazi zuen. Eta, aldi berean, nekazaritza biologikoarekin hazitako elikagaiak ere proposatzen zituzten jan eta edateko. «Bioa proposatuz jendeak ikusten du denek jaten ahal dugula», aipatu zuen Idauze-Mendin egindako jaialdiko antolatzaileak. Tokiak ere garrantzi handia du Euskal Herria Zuzenean jaialdiko antolatzaileen ustez. Garapen ekonomikotik aski ahantzia den barnealdean eta bereziki Zuberoan eginik, jaialdiaren bidez alderdia ezagutzera eman nahi dute eta bertako ekonomia sustatu. Horregatik hurrengo edizioa ere Idauze-Mendin egitea erabaki dute. «Laguntzaileak xerkatzen ditugu, eta interesa duten Euskal Herriko gazte guztiak etor daitezela; bada lana urte guztian jaialdia antolatzeko», adierazi zuen EHZko zuzendaritzako kide Patxi Tikoipek.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Arazo ugari haize bolada indartsuek eraginda
Euskal Herria
Zapalduen olerkiak aldarrikatzen
Kultura
Liburua bidaia denean
Jendartea
Miles de personas vuelven a mostrar su rechazo al TAV, esta vez en Durango
Mundua
Denuncian la muerte de 32 civiles en un bombardeo de EEUU en Irak
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss