Naziotasun Egunean parte hartzeko Udalbiltzaren deia
Abenduaren 16rako eta 17rako Naziotasunerako Eskubidearen Eguna antolatu du Udalbiltzak, eta egungo egoeran eskubide hori urratzen dela salatzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela nabarmendu du. Horretarako, euskal herritarrek duten tresna bakarra, EHNA, erabiltzearen aldeko deia egin zuen nazio erakundeak.
IRUÑEA
Datorren astebururako hilak 16 eta 17 Naziotasunerako Eskubidearen Eguna antolatu du berriz Udalbiltzak. «Nazio izateko gure eskubidea aldarrikatzeko erabiliko dugu eguna, nazioarteko oihartzuna lortzeko, eta gure eskubidea urratzen den bitartean, hots, Euskal Herria nazioa dela onartu arte, antolatzen jarraituko dugu», azaldu zuen atzo Udalbiltzak. Euskal naziotasuna islatzeko tresna bakarra EHNA dela nabarmendu ondoren, honakoa adierazi zuen erakunde nazionalak: «Gaur egungo egoera politikoan, inoiz baino garrantzitsuagoa da euskal herritarroi ukatzen zaizkigun eskubideak salatzea».
Bulegoak prestatu
Alde horretatik, aurki, euskal herritarrei egiten dizkieten eskubide-urraketei buruzko txosten bat aurkeztuko duela iragarri zuen Udalbiltzak. Gainera, datozen egunetan EHNA bideratzeko bulego ugari paratuko duela esan zuen. Horiek hala, egun hauetan Durangon eskuratu ahal izango da EHNA Pinondo kalean prestaturiko bulegoan. Astelehenean, berriz, irakaskuntzari arreta berezia jarriko diote, Leioan, Gasteizen eta Ibaetan EHUk dituen campusetan EHNA egin ahal izango baita. Hilaren 14an Goierriko Arrasateko Unibertsitatearen etahilaren 18an Nafarroako Unibertsitate Publikoaren txanda izango da. Hilaren 14an eta 15ean, berriz, langileek ikasleek utzita-ko lekukoa hartuko dute, eta EHNA hainbat lantegitan bideratuko dute: CAFen ostegunean eta ostiralean 10.00etatik 12.00etara eta 14.00etatik 15.00etara, eta Indarren ostegunean 13.00etatik 15.00etara. Asteburua iristearekin batera, herri ugaritan prestatuko dituzte EHNA eskuratzeko bulegoak Euskal Herri osoan.
|