Santurtzin 27 talde batera aterako dira kalera torturaren aurka
SANTURTZI
Bihar izango da Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna, eta hori dela-eta torturaren aurkako manifestaziora deitu dute Santurtzin astelehenerako, 20.00etan hasita. Herrian sostengu zabala lortu du ekimen horrek.Izan ere, pentsamolde eta alor ezberdinetako 27 taldek bat egingo dute mobilizazio horretan. Besteren artean, Batasunak, EAk, AEK-k, Gazte Asanbladak, Segik, Santurtziko Torturaren Kontrako Taldeak, Mamarigako Jai Batzordeak eta Kabiezeseko Jai Batzordeak babestu dute, baita dantza talde, kultur arloko bestelako eragile eta auzokide elkarteek ere. «Torturari stop» leloarekin kaleratuko dira horiek guztiak. Manifestazioari begira kaleratutako agiriak lehenengo puntuan nabarmentzen duenez, «tortura errealitate ukaezina da Euskal Herrian». Azken 26 urte hauetan torturaren ondorioz polizia-etxeetan bederatzi euskal herritar hil direla eta 6.000 tortura salaketa inguru egin dituztela jakinarazi dute. Horrekin batera, «tortura errotik ezabatzeko» euren eskaerak jakinarazi dituzte talde horiek: «Terrorismoaren Aurkako Legea eta atxilotuen inkomunikazioa indargabetzea»; «Auzitegi Nazionala desagertzea, Euskal Herrian esku-hartzea duen epaitegi be- rezia delako»; «atxilotuei tortura edota inkomunikazioa aplikatu dieten zigor prozedura judizial guztiak baliogabetzea»; «tortura dagoela eta sistematikoki erabiltzen dela politikoki aitortzea, torturak kalteturiko guztien aurrean nolabait aitortzeko»; eta «Estatu aparatuen erantzukizunak garbitzea torturari dagokionez eta polizia indar erre- presiboak desagertzea».
Torturatuen Biltzarrera
Mobilizazioa Santurtziko Parketik irtengo da, astelehenean, 20.00etan. Zehazki, «Irtenbide garaia da, torturarik ez. Entzutegi Nazionala stop» eskaera babestuko dute parte-hartzaileek.Horretaz gain, dei berezia egin die Santurtziko Torturaren Kontrako Taldeak torturatu dituzten auzokideei, Elorrion datorren larunbatean estreinako aldiz egitekoa duten Torturatuen Biltzar Nazionalean parte hartzeko. Beste alde batetik, Torturaren Prebentziorako Koordinakundeak Madrilek giza eskubideak urratzen dituela salatu zuen hilaren 4an Genevan, Nazio Batuen Erakundean.
|