Musika elektronikoa eta rocka, Grises Sueñosek berak ekoitzitako lanean
Lau urte bete ditu Zestoako Grises Sueños taldeak eta «La cuarta pared» bere bigarren maketa kaleratuko du hilaren bukaerarako. Azken urtean autoekoizpen lanean aritu da taldea. CDa bederatzi kantaz dago osaturik eta melankolia kutsuz zipriztinduriko rock eta musika elektronikoko erritmoak uztartzen ditu. Donostian izango dira hilaren 18an.
ZESTOA
«Ez zaigu diskoa deitzea gustatzen. Gure lana ezagutarazteko guk geuk ekoitzi dugun maketa bat da gehiago», azaldu du Amancayk, Grises Sueños taldeko kideak. Udaro Donostian egiten den Pop-Rock jaialdian hirugarren postua eskuratu zuten zestoarrek eta horrek nolabaiteko indarra eman die euren musikan lanean jarduteko.
Lau urte daramate gazteek taldean lanean. «Hasieran rock melankoliko samarra egiten genuen; ondoren, Alejandro Orbegozo teklatuekin sartu zenean, taldean rocka eta elektronikoa uztartu genituen», azaldu du biolin-jotzaileak. Eñaut Gaztañaga kantari duela, taldea biolinak (Amancay), bateriak (Antonio), teklatuak (Alejo) eta baxuak ( Narayan) osatzen dute. «Poesia nihilistaren zaleak gara denok eta gure kezkak heriotza eta gazteok egun dugun irtenbide eskasa dira, besteak beste onartu du Amancayk. Dena den, gure filosofiak beti du itxaropenerako tarte bat». Malenkoniaren islatik dator Grises Sueños tadearen izena ere. “La cuarta pared” demoaren izenburuak antzerki munduan ihesbideari deitzen zaion horri egiten dio erreferentzia.
Zestoarrek gaztelaniaz abesten dute eta euren kanten hitzei dagokienez, ohiko maitasun kantak ez direla nabarmendu dute. «Askotan heriotzari buruzko kantak dira azaldu du gazteak. Pertsona bat maitatzeari baino gehiago bizitza maitatzeari buruzkoak dira. Heriotzak sortzen digun bertigoaz aritzen gara, heriotza baita gure maitalea. Iristeko zain gaude beti, baina gero bere beldur gara».
Bederatzi kanta horiekin arituko dira aurrerantzean Grises Sueños taldeko neska-mutilak kontzertuetan. Eurek ekoitzitako demoa urtarrilaren bukaerarako kalean egongo delakoan daude. «Ekoizpenak lan handia ekarri du, diru gutxi eta gaztea izateak trabak dakartza, gainera», aitortu du Amancayk.
Zestoarren lanaz gozatzeko aukera izango da urtarrilaren 18an Donostiako Fnac-en, 27an Azpeitian eta otsailaren 9an Complot-en.
|