MADRIL
Barne ministro espainol Alfredo Perez Rubalcabak atzo abiatu zuen alderdien arteko bilera erronda. Bilera horien xedea «alderdi demokratiko guztiak terrorismoaren kontrako politikan» biltzea da, «PPk eta PSOEk bat egiten duten Terrorismoaren aurkako Itunetik harago», Rubalcabak atzo egindako agerraldian esan zuenez.
Joan den abenduaren 30ean jazotako atentatuaren ostean hartutako erabakia da bileren erronda egitea. Atentatu horrek Gobernu espainola ezustean harrapatu zuen, eta ETAren aurkako politikan zein pauso eman erabakitzeko xedea dute hamabost egunez behin alderdi guztiekin egingo dituzten bilerek.
Rubalcabak «terrorismoaren aurkako akordio zabalagoa» behar dela adierazi eta xede hori eskuratzea ez dela erraza izango nabarmendu zuen.
2000. urtean sinatutako ituna «abagune zehatz» batean kokatu zela ohartarazi zuen Rubalcabak, eta egun une horretan ez gaudela azaldu zuen. Bileretan etorkizuneko akordioaren oinarriak finkatzen arituko direla adierazi zuen.
PPri Terrorismoaren aurkako Ituna delakoa «hasieratik bukaerara» betetzen jarraitzen dutela esan zion Rubalcabak. Estatuko Segurtasun Indarrak aktibatuta egotea eta espetxe politikari bere horretan eustea jarri zituen adibide.