Bedouretek mehatxuak eta kolpeak jasan izana salatu du
Sebas Bedouretek bere abokatuari atzo jakinarazi zionez, Guardia Zibilak atxilotu ostean, torturatu egin zuten bai Intxaurrondoko baita Madrilgo polizia etxean ere. Larunbatean amnistiaren aldeko mugimenduak egin behar zuen ekitaldira joatekoa zen kazetariak epailearen aurrean dena ukatu bazuen ere, «kolaborazioa» leporatuta espetxeratu zuten.
MADRIL
Parisko Txalaparta irratiko kazetari Sebas Bedouretek hiru egunez mehatxuak, tratu txarrak eta torturak egin dizkiotela jakinarazi zion, atzo, bere abokatuari.Larunbatean amnistiaren aldeko mugimenduak egitekoa zuen ekitaldian parte hartzeko asmoarekin, nazioarteko beste ordezkariekin Anoetako Belodromora zihoala, Guardia Zibilaren kontrol batean atxilotu zuten. Abokatuari adierazitakoaren arabera, guztiak autobusetik jaitsarazi zituzten, eta nortasun agiriak itzultzeko berriro igo eta esertzerakoan, bere eserlekuan zegoen bizkar-zorroa berea zuen galdetu zioten. Berea zuela onartu eta gero, autobusetik berriro jaitsarazi zuten, eta bizkar-zorro gainean CD batzuk eta “Zutabe” ETAren aldizkariaren ale bat zeudela esan zioten. Behin eta berriro bereak ez zirela eta ezer ez zekiela esan arren, Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten.
Bederatzi aldiz
Han paretari begira jarri zute-la eta «bederatzi aldiz, gezurrezko deklarazio bat buruz ikasi arte, etengabe irainak eta mehatxuak egin eta kolpeak eman» zizkiotela kontatu zion abokatuari. Haurdunaldiaren zortzigarren hilabetean dagoen neska-laguna atxilotuko zutela esan zioten besteren artean. Hotz handia pasatzera behar- tu zuten.CDak eta “Zutabe”a bereak zituela eta Parisko bi tabernatan banatzeko ardura zuela gogoz kontra onartu ostean, Madrilera eraman zuten. Bidaia lau guardia zibilekin, burua belaunean artean eta eskuak loturik egin zuen. Adierazpena aski ez zela-eta segurtasun klabe bat zuela deklaratzeko presionatu zutela esan du Bedouretek. Madrilgo polizia etxean ere hotz handia egin arren, ia biluzik eduki zuten, eta garrasi eta mehatxuek jarraitu egin zuten guardiek nahi zutena entzun arte. Hiru egunean ezin izan zuen lorik egin eta jateari uko egin zion Parisko kazetariak. Astelehenean epailearengana eraman zutenean, leporatzen zioten guztia ukatu zuen eta torturapean deklaratu zuela salatu zuen, baina Ismael Moreno epaileak Soto del Realeko espetxera bidali zuen «ETAri laguntza emateaz» akusatuta. Bedouretek salatu du bere atxiloketa «muntaia poliziala» izan dela eta «torturaren bidez gezurrezko deklarazioa egitera» behartu dutela.
«Elkartasuna adierazten dutenen aurka ere tortura»
Askatasunak adierazi du Sebas Bedoureti gertatutakoak frogatzen duela euskal herritarrekiko eta herriarekiko elkartasunez diharduten edozein herrialdetako herritarren kontra Gobernu espainolak tortura erabiltzen duela. Errepresioaren aurkako erakundeak, Sebas Bedouretena «muntaia» izan dela salatzearekin batera, «torturek, errepresioak eta halako muturreko egoerek» desagertu behar dutela nabarmendu du. «Espainiako eta Frantziako gobernuek Euskal Herriaren bizitza politikoa baldintzatu eta bere herritarrak bortizki kolpatzeko tresneria erabiltzeari behin betiko utzi» behar diotela adierazi du. -
|