GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2007-01-10
Inauteriak ate-joka ari dira jada Zubietan eta Iturenen
Iturengo, Zubietako eta Aurtizko joaldunak kalera atera ziren Errege Egunaren bezperan, inauteriak laster heldu direla iragartzeko eta besta giroa sortzeko. Aitzinetik, afaria egin zuten, bakoitzak bere herrian, eta gauerdian elkartu ziren elkarrekin joareak astintzeko. Ohiko itzulia egin zuten; iturendarrak Zubietara joan ziren eta zubietarrak Iturenera.

ITUREN

Pello Ariztegi Iturengo joaldunak azaldu duenez, urtarrileko azken igandea izan ohi da eurentzat mozorroen jaien erreferentzia, eta egitarau bera izaten dute urtero. Osteguneko afariaren eta ostiraleko Inaute Ttikiren ondotik, bizilagunak bete-betean murgilduko dira bestan larunbat gauean eta igeri eginen dute hurrengo laurogeita hamasei orduetan.

Astelehena izanen dute egun handia; eguerdian Zubietakoak joanen zaizkie bisitan, mozorro, joaldun eta gurdiekin, eta salda pixka bat emanen diete esker ona erakusteko. Hurrengo egunean gauza bera eginen dute, baina alderantziz, iturendarrak joanen baitira Zubietara.

Asteazkena lasai samarra izanen da, herrian bertan eginen dutelako besta, eta larunbatean Kontu Eguna izanen dute. Ez dira joareekin ibiliko, baina aizkora apustuak, bertsolariak, dantzariak eta bazkaria izanen dira bizilagunen alaigarri. Gainera, gastuak ordainduko dituzte.

Gazteek zerrenda osatuko dute parte-hartzaileen izenekin eta horrela jakinen dute gutxi gorabehera zenbat lagunek paratuko duten dirua. Helduek ere jarri ohi dute txanponik eta jakirik; Udalak, ordea, ez du dirurik ematen eta antolatzeko lanetan ere ez du parte hartzen. Hiru gazte arduratzen dira besta prestatzeaz, eta giltzeroak deitzen diete horregatik, baina beti izaten dute laguntza; aurten bertzeetan baino gehiago, bizilagun batzuek ikasteko gogoa agertu baitute. Zubietan ere izaten dute Kontu Eguna, asteazkenean.

San Martin ondoren hasi ziren Ariztegi eta bi adiskideak inguruko baserrietan txekor handi baten bila, haragi pila bat behar dutelako. «Ehun pertsona inguru elkartuko gara, egun anitz izanen dira eta gosariak, bazkariak eta afariak prestatu behar dira», argitu du.

Pello Ariztegik ez daki zehazki zenbat joaldun elkartuko diren; besta giroak erranen du. Baina hogei baino gehiago izanen direla pentsatzen du, batez ere astelehenean eta igandean. Bi egun horietan eta astearte- an janzten dute iturendarrek joaldunen arropa guztia; bertzela, gerriko larrua eta isopoa erabiltzen dituzte puskak biltzeko.



«Herriko bestak baino nahiago ditugu»

ITUREN

Pello Ariztegi joaldun eta antolatzailearen aburuz, herri giroa izan ohi da Iturengo eta Zubietako inauterien ezaugarri nagusia, nahiz eta kanpoko jendea ere bertaratzen den ikustera.

Baliteke bisitariei beti gauza bera egiten dutela iruditzea, eta arrazoi izanen dute neurri batean, joaldunen arropa, ibilbidea eta desfilatzeko modua ez direlako aldatzen urte batetik bertzera. Baina bestak barrenetik bizi dituztenek nabaritzen dute berritasunik.

Gazteek herri batetik bertzera garraiatzen dituzten gurdiak, ohiko itxura aldatu eta egun batzuetan bederen nahi dutena izateko janzten dituzten mozorroak, sortzen dituzten pertsonaiak... ezberdinak izaten dira aldiro, baita herritarrak hainbertze harritzen dituzten parodiak edo kale antzerkiak ere.

Tradizioaren osasuna zer moduzkoa den galdetuta, neska-mutilak ohitura mantentzen ari direla erran du Pello Ariztegi Iturengo joaldun eta antolatzaileak. Izan ere, jairik handienak dira eurentzat. «Gazteei herriko bestak edo inauteriak nahiago dituzten galdetzen badiezu, bigarrenen aldeko hautua eginen dute», ziurtatu du.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Detenidos dos presuntos militantes de ETA en una redada conjunta en Azkaine
Euskal Herria
El lehendakari oficializa la convocatoria del sábado «por la paz y el diálogo»
Mundua
EEUU interviene directamente atacando objetivos islamistas en el sur de Somalia
Kirolak
Desconfianza en la suerte de apuntillar
Kirolak
Roberto Laiseka pone punto final a su carrera
Euskal Herria
ETA se reafirma en los objetivos recogidos en la declaración del 22 de marzo
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss