Uztailaren hasieran jakinarazi zuen Iraia Iturregik aurtengo denboraldian ez zuela Athleticeko emakumezkoen taldean jokatuko. Florida Estatuko Unibertsitatea bere atzetik zebilen urtebete lehenagotik eta azken denboraldian talde zuri-gorrian bizitako egoera ahaztu nahi zuenez, azkenean Ameriketako Estatu Batuetan ikasi eta futbolean aritzeko bi urterako beka onartu zuen. Gizarte zientzietako klaseak jaso goizez eta arratsaldez entrenatzera, eta astean bi partida. Iraiak 17 urterekin egin zuen debuta Athleticen eta hiru Superliga irabazi zituen taldeko partaide izan zen. Ez hori bakarrik, taldeko jokalaririk esanguratsuenetako bat izan baita 100 partida jokatzera heldu den lehen jokalaria izan da, esaterako eta 21 urterekin esperientzia berri bat bizitzeko aukera ez zuen alferrik galdu nahi izan, nahiz eta erabakia hartzea kosta egin zitzaiola onartu.
AEBetan emakumezkoen futbolaren oihartzuna Euskal Herrian baino handiagoa da. Adibide bezala, honako datua: futbol lizentzien %40 emakumeei dagokie; Estatu espainolean, aldiz, ez dira %5era heltzen. AEBetako selekzioak Munduko Txapelketa irabazi zuenean sekulako arrakasta izan zuen emakumezkoen futbolak eta 90.000 ikusle joan ziren partida ikustera.
«Azken urteetan behera egin du, Liga Profesionala desagertu egin da-eta babesten zuen enpresak porrot egin ondoren», azaldu du Iraiak. Gaur egun, neguko Unibertsitateen arteko Liga eta udako Liga amateurra dira txapelketarik garrantzitsuenak.
Hiru hilabeteko liga
Lehenengoan jokatzeko aukera izan du Loiuko neskak Florida Estatuko Unibertsitatearekin eta ez da batere gaizki aritu. Konferentziako finalera arte heldu zen Seminoles Floridako indigenen tribu batetik hartzen du izena taldeak, eta gero, Estatu Batuetako txapelketan, finalerdietara arte.«Helburuak bete ditugu. Gure mailan 310 talde daude eta lehenengo lauren artean bukatu genuen», adierazi du Iraiak.
Berak erakutsitako mailarekin, ordea, ez da hain gustura geratu. «Asko eskatzen diot neure buruari eta nire maila hobea izango zela espero nuen. Baina hango futbola ikusita eta japoniar eta alemaniarrekin hitz egin ondoren, esan didate berak ere ez zirela lehen urtean maila onena ematera iritsi. Entrenatzaileak ere antzeko zerbait esan dit eta pozik zegoela egindako lanarekin. Liga hiru hilabetekoa da eta ohitzen zarenerako bukatuta dago».
Izan ere, Iraiari kostatu egin zaio AEBetako bizitza estilora ohitzea. «Esperientzia ona izan da, baina lehenengo hilabeteak oso gogorrak izan ziren. Futbola, kultura eta ohiturak ezberdinak dira eta gauza askoren falta sumatu dut. Kanpora bizitzera joatean konturatzen gara Euskal Herrian bezala ez dela inon bizitzen».
Egunerokotasuna guztiz ezberdina da Iraiaren arabera. «Film batean nagoela pentsatzen dut askotan. Unibertsitateko bizitza filmetan ikusten dugun modukoa da, aktoreak bakarrik aldatzen dira. Filmetan munduko neska eta mutil ederrenak ikusten dira eta hemengo jendea arrunta da», kontatu du. Baina taldeko atzerritarren laguntzarekin «oztopoak gainditzea» lortu du eta «pozik» dago bizitako esperientzia ona izan delako, «ez futbolerako bakarrik».
Kirolari dagokionez, jokalari bizkaitarra harrituta gelditu da taldekideen arteko lehiakortasu- narekin. «Izugarria da. Nahiz eta talde bezala jokatzen duten, arlo pertsonalean sariak ematen dituztenez, jendeak onena izan nahi du. Batzuetan beste taldekide bat gola egiteko hobeto dagoela ikusten duten arren, eurek sartu nahi izaten dute puntuak eta saria jasotzeko».
Horretaz gain, elikadura ez dutela batere zaintzen kritikatu du: «Partida aurreko gauean hanburgesak eta patata frijituak jaten ikus daitezke eta hemen, Athleticen, asko zaintzen da hori».
Baina goraipatu duenez, lan fisikoari garrantzi handia ematen diote eta jaieguna izan arren jokalariak korrika egitera irteten dira sasoi onean mantentzeko. «Lan saioaren ostean ere jende asko gelditzen da behar duena hobetzeko», gaineratu du Iraiak.
Zenbait arau ere ezberdinak dira. Esaterako, partidak
berdinketan bukatzen badira hamar minutuko luzapenak jokatzen dituzte eta gola
lehen egiten duenak irabazten du. Denborari dagokionez, saskibaloian bezala eten
egiten da eta aldaketak egiterakoan ere aukera dago lehen zatian zelaitik irten
eta bigarrenean bueltatzeko. Horregatik, partiden intentsitatea askoz handiagoa
da. -