EOSek Lopez Cobosekin hasiko du 2007. urtea
DONOSTIA
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS) lanera bueltatu da Gabonetako etenaldiaren ondoren. Aurten, gainera, bere 25. urteurrena izango da. Urtea abonuko kontzertu batekin hasiko du: Jesus Lopez Cobos zuzendariaren makilapean, Donostiako Orfeoia, Cecilia Diaz Buenos Airesko sopranoa, Steve Davislim tenorea eta Alan Titus baxua arituko dira kantari. Emanaldiak gaur eta bihar izango dira, Donostiako Kursaaleko auditoriumean.
Egitaraua Franz Liszt-ek Danteren “Divina Commedia” lanean oinarrituta egindako sinfoniak eta Felix Mendelssohnen “Walpurgis-eko lehenbiziko gaua” lanak osatzen dute.
EOSeko iturriek jakinarazi zutenez, Lopez Cobos eta Euskadiko Orkestra batera aritzen diren bosgarren aldia izango da, baina EOSek lehen aldiz interpretatuko ditu lan biok. Lopez Cobos Madrilgo Teatro Realeko zuzendari musikala eta Madrilgo Orkestra Sinfonikoko zuzendari titularra da.
|